Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak kolpea eman dio katalanari

Baliogabetu egin du, partzialki, katalana hezkuntzan komunikazio hizkuntza izatea bermatzen zuen dekretua. Illak iragarri du ebazpenari helegitea jarriko diola Generalitateak.

Motxila batzuk pertxetan zintzilik, Granollerseko eskola bateko gela batean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Motxila batzuk pertxetan zintzilik, Granollerseko eskola bateko gela batean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Igor Susaeta.
2025eko irailaren 10a
15:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kolpea eman diote katalanari. Izan ere, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak partzialki baliogabetu du hezkuntza sisteman katalana komunikazio hizkuntza izateko Generalitateak iazko maiatzean onartutako dekretua. Katalunian Eskola Elebiduna elkarteak jarritako helegite bati erantzunez kaleratu du ebazpena gaur auzitegi horrek. Salvador Illa Kataluniako Gobernuko presidenteak ohar batean iragarri du helegitea jarriko diotela. «Ez dugu baimenduko inork hizkuntzaren erabilera politikoa egitea, gerta daitekeen okerrena baita elkarbizitzarako. Katalanak izan behar du herrialdeko eta hezkuntzako hizkuntza inklusiboa, transbertsala eta propioa».

Kataluniako auzitegi nagusiak iazko uztailean utzi zuen dekretua behin-behinean bertan behera, Katalunian Eskola Elebidunaren eskaera tramiterako onartuta. Gaur kaleratu duen epaiak bertan behera uzten ditu dozena bat artikulu inguru; besteak beste, katalana blindatzen zutenak irakas-hizkuntza izan dadin, baita irakasleen jardunean, esparru administratiboan eta familiekin izaten diren harremanetan ohiko hizkuntza izan dadin ere.

Sententzia txalotu du Katalunian Eskola Elebiduna elkarteak. Ohar batean nabarmendu duenez, ebazpenak «kolpe handia» ematen dio Generalitateak «gaztelera komunikazio hizkuntza gisa baztertua izan dadin egindako ahaleginari». Elkarte horrek eskatu dio Kataluniako Gobernuari «modu eraginkorrean» berma dezala gazteleraren presentzia komunikazio hizkuntza gisa. Bide batez, Espainiako Gobernuari adierazi dio dituen eskumenak balia ditzala sententzia betetzen dela ziurtatze aldera.

Magistratuek epaian jaso dutenez, dekretuak «desoreka egoera bat» ezartzen du katalanaren alde, eta, gainera, haien ustez, gaztelerari emandako leku «eskasak» ez du bide ematen «gazteleraren irakaskuntza orekatua jasotzeko bermea» errespetatzen dela pentsatzeko.

Subiranisten kritikak

Kataluniako bi alderdi subiranista nagusiek, JxC Junts Per Catalunyak eta ERC Esquerra Republicanak, sententzia kritikatu dute. JxCren Kataluniako Parlamentuko bozeramaile Monica Salesek agerraldi batean azpimarratu du sententzia hori katalanari egindako «eraso bat» dela eta katalanen eskubideak urratzen dituela. Eta galdera egin dio Illa presidenteari (PSC Kataluniako Sozialisten Alderdia): «Sententzia onartuko dute? Edo hizkuntza defendatuko dute?». Elisenda Alamany ERCren idazkari nagusiarentzat, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko epaileek ebatzitakoa «mehatxua» da Kataluniarentzat. «Epaileek politika egiten segitzen dute, irizpide pedagogiko guztiei kontra egiten, ahal bezainbeste traba jartzen», esan du, alderdiaren irudia aurkezteko agerraldi batean, Bartzelonan. Alderdiaren lider Oriol Junquerasek sare sozialetan idatzi duenez, horrek arriskuan jartzen du «hezkuntza inklusiboa».

Iazko maiatzaren 14an onartu zuen dekretua Kataluniako Gobernuak —ERC zuen buru—, jada behin-behinean zegoela. Bi egun lehenago, PSCk irabazi zituen Kataluniako Parlamenturako bozak. Neurria aurrera eraman zuen ERCk, argudiatuta katalanaren erabileran, izan hezkuntzan zein orokorrean, beherakada bat gertatu dela azken urteotan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.