Kubak salatu du AEBak krisi humanitario bat eragiten ari direla gobernua erorarazteko

CBS News hedabideak zabaldu du balitekeela AEBetako armada Kubaren aurkako eraso bat prestatzen aritzea, baina Trumpek esan du ez dela beharrezkoa izango.

Bruno Rodriguez Kubako Atzerri ministroa gaur, NBEren Batzar Nagusiaren bilkuran. SARAH YENESEL / EFE
Bruno Rodriguez Kubako Atzerri ministroa gaur, NBEren Batzar Nagusiaren bilkuran. SARAH YENESEL / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko irailaren 26a
18:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Kuba ez da mehatxua; blokeoa, ordea, bai», errepikatu du bi bider Bruno Rodriguez Kubako Atzerri ministroak gaur, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian emandako hitzaldian. Salatu du AEBak krisi humanitario bat eragiten ari direla, eta Kubako Gobernua egiten dutela horren erantzule: «Ekonomikoki ito nahi gaituzte, eta herritarren sufrimendua eragiten ari dira Kubako Gobernua erorarazteko».

Urtarrilean AEBetako armadak Venezuelari eraso egin eta Nicolas Maduro presidentea gatibu hartu zuenetik AEBek Kubaren aurkako «intimidazio eta hertsapen» ekintzak ere ugaritu egin dituztela salatu du Rodriguezek. Erregaiei ezarritako blokeoa izan du hizpide, eta Donald Trump AEBetako presidenteak NBEren Batzar Nagusiaren bilkuran esandakoen inguruko galdera bat egin du: «Asteon esan du Kuba huts egindako estatua dela; hala bada, zergatik ezarri dio blokeo hori?». Urtarrilean, Trumpek ordena exekutibo bat sinatu zuen Kubari petrolioa saltzen dioten estatuei zigorrak ezartzeko; eta, ekainean, agindu zuen zigorrak ezarriko zizkiela Kubako Gobernuarekin negozioak dituzten atzerriko enpresa guztiei ere.

Habana kezkatuta dago Venezuelan gertatutakoaren moduko zerbait jazoko ote den: «Mehatxua hor dago», adierazi du Rodriguezek. Hain justu, atzo CBS News hedabideak zabaldu zuen balitekeela AEBetako armada Kubaren aurkako eraso bat prestatzen aritzea. Horretarako, Hegoaldeko Komandantziari datozen lau hilabeteetarako errefortzuak bidaltzea aztertzen ari direla jakinarazi zioten iturri ofizialek CBS Newsi.

Trumpek, ordea, gaur esan du ez duela uste Habanaren aurkako operazio militarrik egin beharko dutenik. Etxe Zuritik ateratzean kazetariek egindako galdera batzuk erantzun ditu, eta adierazi du Kubako Gobernuarekin akordio bat egingo dutelakoan dagoela. Gaineratu du bere asmoak Kubari «laguntzea» eta herrialdea «irekitzea» direla. Kubako Asanblea Nazionalak inbertsio pribatuei eta atzerriko kapitalari bidea irekitzeko erreforma bat onartu zuen ekainean.

Kubako Atzerri ministroa Washingtonekin negoziatzeko prest agertu da gaur, eta argitu du Habanak ez duela arazorik AEBetako enpresekin negozioak egiteko. Halere, AEBek operazio militar bat egiteko aukeraz honela mintzatu da: «Espero dugu inoiz ez gertatzea, baina, gertatuko balitz, Kuba prest dago bere burua defendatzeko eskubide legitimoa irmoki baliatzeko».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA