Bi urte egin ditu aurten Graeme Reidek (1965, Johannesburgo, Hegoafrika) sexu orientazioari eta genero identitateari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundeko aditu independente gisa. LGTBI komunitateak gaur egun munduan duen egoera aztertzeaz arduratzen da NBEn. Azken hamarkadetan aurrerapauso anitz eman diren arren, eskubideetan atzera egin da azken urteetan, haren iritziz. Gainera, kezka agertu du sexu orientazioak eta genero identitateak gizartean eragin duten polarizazioagatik; horri etekin politikoa atera nahi izatea gaitzetsi du.
NBEk, tresna batzuen bitartez, bide eman dezake herrialdeek giza eskubideak urra ez ditzaten. Sexu orientazioari eta genero identitateari dagokienez, zer egiten duzue?
Hiru tresna nagusi ditugu: txostenak; bidaiak, herrialdeen egoera ezagutzeko eta bertatik bertara lan egin ahal izateko; eta NBEren organo batek zuzenean esku hartzea, estatu bati dei eginez jarrera alda dezan. Azken hori, baina, muturreko egoeretan baino ez da erabiltzen. Bidaiei dagokienez, ni ezin naiz herrialde batera joan gonbidatzen ez banaute, eta nire bisitari etekin gehien atera ahal dioten herrialdeek ez naute gonbidatzen.
Gainera, NBEren sistema, pertsuasio sistema bat da, parekoen presioetan oinarritutakoa. Ez dago, berez, estatu bati gomendio bat betearazteko tresnarik. Beraz, estatu batek ez baditu betetzen giza eskubideen alorreko bere betebeharrak, zer egin dezaket nik? Hau prozesu mantso eta luze bat da, non aditu independentea prozesu horren parte bat den, besterik gabe.
Zer gaitan jartzen duzu arreta txostenak egiteko orduan?
Gaur egun gehien kezkatzen nauten gaiak hauek dira: sexu askatasunari eta genero identitateari buruzko adierazpen askatasunaren eta biltzeko eskubidearen aurka mundu osoan agertzen ari diren lege eta jokabideak. Errusiako Gay Propagandaren Legea eta Afrikako zenbait herrialdetan identitate adierazpena mugatzen duten legeak dira eraso horien erakusgarri batzuk.
«NBEren sistema pertsuasio sistema bat da. Estatu batek ez baditu betetzen giza eskubideen alorreko bere betebeharrak, zer egin dezaket nik?»
Aldi berean, orain dela 30 urteko egoerari erreparatuz gero, argi ikusten da hobera egin dugula: sexu orientazioa legez kontrakotzat jotzen zuten hamaika herrialdek despenalizatu dute. Beraz, joera paraleloak daudela esan daiteke.
Mendebaldean atzerapauso nabarmenak eman dira.
Bai, eta, horri lotuta, erantzun ezin dudan galdera bat datorkit burura: zergatik bihurtu dira generoa eta sexualitatea hain garrantzitsu gatazka politikoan?
Errusian, Gay Propagandaren Legeak interes politikoengatik jarri zuen indarrean [Errusiako presidente Vladimir] Putinek. Presio handia zuen gobernuak, eta kontserbadoreen babesa berreskuratzeko egin zuen legea. Ez dut uste Putinek homosexualen gaiari garrantzi berezirik ematen dionik, baina mugimendu politiko ona izan zen. Gainera, nazioartean «balio tradizionalen» defendatzaile gisa agertu da.
Putin ez da bakarra izan, ordea.
Agintari autoritario eta populistek oinarri sozial bat eskuratzeko erabiltzen dute gai hau. Polonian ere ikusi izan dugu, LGTBI+ jendearen eskubideen aurka egiteaz gain, abortatzeko eskubidearen aurka egin zuten. LGTBI komunitatearen aurkako neurri horiek lehen urratsa dira giza eskubideen aurka egiteko.
Komunikabideen askatasunaren, independentzia judizialaren eta gizarte zibilaren aurka egiten dute horrelako erregimen autoritarioek. Eta, gehienetan, talde txiki batekin hasten dira, baina eragina askoz handiagoa da giza eskubideei dagokienez.
NBEn dituzun betebeharretako bat da estatuekin harremanak hauspotzea LGTBI komunitatearen babesa ziurtatzeko. Gaur egun, ordea, estatuen herenek LGTBI komunitatea zigortzen dute.
Askotan hausnartu dut horren inguruan. Sexu orientazioa eta genero identitatea hain polarizatuta eta hain politizatuta egoteak erronka handi bat ekartzen du. Izan ere, LGTBI komunitatearen alde dauden estatuekin baino ez dut izaten hitz egiteko aukera. Eta, noski, halakoetan ere badaude hobetu daitezkeen gauzak, baina askoz gehiago kezkatzen naute mandatuarekin zerikusirik izan nahi ez duten herrialdeek.
Zure lana egiteko trabak jarri dizkizute?
Nire lanak kutsu sinbolikoa du, gehienbat. Horregatik egon da beste gai batzuekin egon ez den erresistentzia. Normalean, mandatuak sortzen direnean, NBEren Giza Eskubideen Batzordeak onartzen ditu, eta, gero, Batzar Nagusira igarotzen da; baina hori formalismo hutsa izaten da. Orientazio sexualaren eta genero identitatearen aditu independenteari dagokionez, ordea, Afrika Taldeak kexa formal bat plazaratu zuen. Haien aburuz, moralitateari eta kulturari dagozkien gaiak dira, ez giza eskubideei dagozkienak.
«Gizartean nahasmen handia dago pertsona transen inguruan, eta horrek eragin dezakeen errefusa hauspotu eta bere intereserako erabili nahi du Trumpek»
Gure lanaren aurka daudela oso argi ikusi nuen behin. Batzar Nagusian txosten bat aurkeztekoa nintzen, hauteskundeetan parte hartzeko orduan sexu orientazioa dela-eta jendeak izaten dituen traben inguruan. Bada, gelako lautik batek, hor nonbait, gauzak bildu eta alde egin zuen, zalapartaka. Horrek erakusten digu herrialde askok uko egiten diotela gaia lantzeari. Hori da gure lanak dituen erronka nagusietako bat.
Genero identitatea eta pertsona transak jomugan daude azken urteetan. Donald Trump AEBetako presidenteak, esaterako, haien aurka egin du. Oldarraldi legal bat dagoela dirudi.
AEBetan oso argi dago zaurgarria den gutxieneko baten aurka egiten ari direla helburu politiko bat lortzeko. Gizartean nahasmen handia dago pertsona transen inguruan, eta horrek eragin dezakeen errefusa hauspotu eta bere intereserako erabili nahi du Trumpek.
Desinformazio handia dago pertsona transen inguruan, eta bi gaik eragiten dute harrabotsik handiena: adin txikiko transek osasun sistemara duten sarbidea eta transek kiroletan duten parte hartzea. Bi gai horiek oso polarizatutako giroa sortu dute, eta ez dago lekurik xehetasunetan hasteko: alde batean zaude, edo bestean.
Erasoak ezkerretik zein eskuinetik datozen honetan, uste duzu transen eskubideak direla hurrengo guda zelai ideologikoa?
Badira jada.
Zer egin beharko litzateke oldarraldi horri aurre egiteko?
Argi uztea eraso horiek helburu politiko jakin batekin egiten direla, pertsona transak benetan ez direla arrisku bat gizartearentzat. Horrek, baina, zailtasun handi bat du: egiak gero eta balio gutxiago duen garai batean bizi gara. Jendeak entzun nahi duena besterik ez du entzuten. Horrek oso zaila egiten du gure lana, datuetan oinarriturik baitago.
«Egiak gero eta balio gutxiago duen garai batean bizi gara. Jendeak entzun nahi duena besterik ez du entzuten»
LGTBI komunitateko kideen aurka desinformazioa zabaltzea erraza da oso, jende gehienak ez baitu LGTBI kolektiboko inor ezagutzen. AEBetan egindako ikerketa batean, ondorioztatu zuten jendearen iritziak guztiz aldatzen direla gay, lesbiana edo transgenero bat ezagutzen dutenean. Jendeak errealitate hori bere horretan ezagutzeko, ordea, jendea askatasun osoz jokatu eta den bezalakoa agertzeko giroa sortu behar da. Beraz, oiloaren eta arrautzaren egoera batean gaude; izan ere, nola izango da jendea irekiagoa giro oldarkor batean?
Badaude beste era batzuk ere, ezta?
Nire bizipenetan oinarrituta hitz egingo dut. LGTBI komunitateak Hegoafrikan gaur egun duen lege egoera ez da lortu LGTBI taldeak beren kabuz borrokatu direlako, baizik eta LGTBI jendearen aldarrikapenak apartheidaren aurkako mugimenduan ere txertatu zirelako. Hau da, are handiagoa zen giza eskubideen aldeko mugimendu bat zegoen atzetik.
Eta uste dut hori dela bide egokia: giza eskubideen aldeko mugimenduek bere gain hartu behar dituzte sexu orientazioarekin eta genero identitatearekin zerikusia duten arazoak ere. Izan ere, askotan LGTBI jendea dago jomugan; baina eraso horiek giza eskubideen aurkako erasoak dira, orokorrean. Herrialde bakoitzak bere jokatzeko era izan du, baina beti iruditu zait aliantzak sortzea, kolektiboki borrokatzea dela erarik eraginkorrena.
NBEn hasi aurretik, LGTBI komunitatea izan duzu aztergai hainbatetan. Erlijioarekin duen harremanean, adibidez.
Hegoafrikako komunitate jakin bat aztertu nuen: Eliza ebanjeliko gay-ak. Oso interesgarria iruditu zitzaidan, Hegoafrikan ohikoa da esatea homosexualitatea Afrikaren aurkakoa eta kristautasunaren aurkakoa dela. Eliza hori, ordea, horren aurka agertzen zen. Gainera, apartheidaren osteko urteetan herrialdeko erakunde garrantzitsuenetariko bat bihurtu zen.
Eliza horrek, bere ekintzen bidez, askotan kontrakotzat hartu izan diren identitatearen alderdi horiek bateratzen lagundu zuen. Afrikarra, gay-a eta kristaua izan ahal zinela aldarrikatzen zuen.
«Uste dut erlijioarekin bat etor gaitezkeen puntuak indartu behar direla. Esatea egitea baino errazagoa da, baina zergatik ez saiatu?»
Hori eliza jakin bati dagokio. Erlijioaz oro har mintzatuta, zer harreman du LGTBI komunitatearekin?
Hainbatetan, erlijioa argudio gisa erabili da LGTBI jendea jomugan izateko, noski. Baina badira antzeko helburuak bilatzen dituzten mugimendu erlijiosoak: indarkeriaren aurka daudenak, bidegabeko diskriminazioaren aurkakoak edo heriotza zigorra salatzen dutenak.
Eta, hain justu, nire egitekoetako bat da ezaugarri komunak topatu eta indartzea. Uste dut erlijioarekin bat etor gaitezkeen puntuak indartu behar direla. Esatea egitea baino errazagoa da, baina zergatik ez saiatu?
Estatuek ondo jarduten dutenean ere aipatu behar da. Zeintzuk azpimarratuko zenituzke?
Batzuetan atsekabeturik mintzo naiz, gaur-gaurkoz gauzak ez daudelako oso ondo. Baina gero oroitzen dut nola zegoen dena duela 30 urte. Ezinezkoa zen gaur dugun egoera irudikatzea. Hegoafrikaz mintzatuko naiz, oso aurrerakoia baita hango legedia. Han, sexu orientazioa eta genero identitatea konstituzioak babesten ditu. Halere, aipatu beharra dago indarkeria oso handia dagoela kalean. Arazoa errotik konpontzeko ere ekin dio gobernuak, hezkuntzan LGTBIfobiaren aurkako kanpainak eginez, besteak beste.
Duela gutxi Poloniara egin nuen bidaia oso pozgarria izan zen. Lege aldaketa mantsoa izan den arren, aldaketa sakona izan da han: erakunde publikoek jada ez dute LGTBI jendearen aurkako erretorikarik.
Urrats garrantzitsuak egin dira Kolonbian, Albanian eta Karibe ekialdean ere, besteak beste. Baina gustatuko litzaidake bereziki azpimarratzea Saharaz hegoaldeko Afrikako ekintzaileen lana. Txundituta nago hango ekintzaileek duten sofistikazio mailarekin, erresilientziarekin eta pentsamendu estrategikoarekin.