Transfobiari aurre egiteko, borroka kolektibora deitu dute Bilbon

Bizkaiko E28 koordinakundeak manifestazioa egin du eguerdian, udalak eta BBK-k makroekitaldi bat antolatu dutelako arratsalderako. Salatu dute horrelako ekitaldiek «boikota» egiten diotela sexu eta genero disidenteen mugimenduari.

Bizkaiko E28 koordinakundeak deituta, manifestazioa egin dute gaur Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bizkaiko E28 koordinakundeak deituta, manifestazioa egin dute gaur Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko ekainaren 28a
15:45
Entzun 00:00:0000:00:00

«Harrotasuna ez da festa bat, protesta bat baizik». Milaka herritarrek Bilboko kaleak hartu dituzte gaur, harrotasuna politikoa dela eta beti hala izan dela nabarmentzeko, eta harrotasuna «zapalduen indar kolektiboa» dela argi adierazteko. Sexu eta Genero askapenaren Aldeko Harrotasunaren eta Borrokaren Egunean, Bizkaiko E28 koordinakundeak manifestaziora deitu du, Transfobiaren aurka, borroka kolektiboa lelopean. Transfobian egin nahi izan dute azpimarra aurten, indarkeria mota hori goraldian baitago azkenaldian.  

«Transfobia faxismoaren eta kolonialismoaren zerbitzura dagoen indarkeria mota bat da», azpimarratu dute manifestazioaren amaieran irakurri duten adierazpenean. Are gehiago, argi utzi dute transfobia ez dela iritzi bat eta, hortaz, ezin dela debate publikora eraman. Eta esan dute «politika transfoboak, pertsona transen aurkako indarkeria mediko eta instituzionala, eta TERFen diskurtsoa makineria faxistaren beste adierazpen bat» direla. Bestalde, koordinakundeak salatu du Gurutzetako ospitaleko Genero Identitateko Unitateak «indarkeria» eragiten duela, erabiltzaileak patologizatzen dituen eta arreta ukatzen duen barne protokolo bati jarraitzen diolako.

Hori guztia eta beste salatzeko eta antolakuntzarako deia egiteko bildu dira herritarrak eguerdian, Casillan. Deitzaileek ez dute ohiko ordutegia aukeratu manifestazioa egiteko. Arratsaldean egin izan dute protesta; aurten, ordea, eguerdira aurreratu dute lehen aldiz. Badago arrazoi bat horretarako: «Bilboko Udalak eta BBK-k erabaki dute BBK Ria makroekitaldia egitea gaur arratsaldean, eta, beraz, manifestazioa goizean egin behar izan dugu». Hala salatu dute manifestazioa hasi aurretik koordinakundeko kide Nils Irigoienek eta Bryn Housenll Riok. Eta zera irakurri dute protestaren amaieran: «Bazterretara bota gaituzte Bilbo parke tematiko bihurtzeko». 

Erlojuak 12:00ak jo dituenean, Queen musika taldearen I Want to Break Free abestia entzun da bozgorailuan. Hasi baino lehen, baina, oharra: «Manifestazio hau instituzioetatik kanpo dago; beraz, ez dugu alderdien siglak dituen banderarik ikusi nahi». Txaloka erantzun dute bertaratu direnek. 

«Gogoratu nahi dugu gu geu garela harrotasuna, harrotasunaren manifa guk antolatutako manifestazioa dela, urteetan ikusi izan denez»

NILS IRIGOIEN ETA BRYN HOUNSELL RIOBizkaiko E28 koordinakundeko kideak

Oihu artean gurutzatu dute Autonomia kalea. Besteak beste, «Harrotasuna ez dago salgai», «Transfobiaren aurka, borroka kolektiboa» eta «Pinkwashing-ak itotzen gaitu» esaldiak oihukatu dituzte. Eta gainerako borrokak ere ez dituzte ahaztu: «Inor ez da ilegala» eta «Boikota Israeli, Palestina askatu» ere ozen aldarrikatu dituzte. Izan ere, LGTBI banderak nagusi izan diren arren, Palestinako banderak ere eraman dituzte lehen lerroan.

Errepidearen bost bideak hartu dituzte, eta, Zabalburu plazara iristean, San Frantzisko auzora jo. Hain justu, Gorte kalea gurutzatu dute, eta sexu langileen jarduna aitortzeko baliatu dute tarte hori. «Sexu lana lana da» zioen pankarta bat ireki dute, eta bengala gorriak piztu. Adierazi dute sexu langilerik gabe ez dagoela harrotasunik. 

«BBK Ria, lotsagarria»

Arriagara jo dute gero. Are ozenago oihukatu behar izan dute, BBK Ria ekitaldia prestatzeko lanetan ari baitziren, eta arratsaldean parte hartu duten abeslariak entseguak egiten ari ziren. Ekitaldia egiteko, Areatza pasealekua hesiekin itxi du udalak, Arriagatik Areatzako estalpeetaraino. Protestariek «BBK Ria, lotsagarria» zioen pankarta bat jarri dute hesiaren ondoan, eta herritarrei hurbiltzeko deia egin diete, argazki bat atera eta salaketa egiteko asmoz. Orduantxe, gainera, ETS musika taldeko Iñigo Etxezarreta entseatzen hasi da, eta txistu eginez erantzun diote. Protestariak ez dira hesiaren beste aldean geratzearekin konformatu, eta bota egin dute. Era horretan, ekitaldirako hartuta zegoen eremua bereganatu eta ekitaldiko musika geldiarazi dute. 

Protesta udaletxean bukatu dute, eta bertan salatu dute horrelako makroekitaldiak «turistifikazio estrategia baten parte» direla, eta sexu eta genero disidenteen mugimenduari «boikota» egiten diotela, baita Bizkaiko herri mugimendu osoari ere. «Instituzioek eta klase burgesak pride-a sustatzen dute erakargarri turistiko gisa; sexu eta genero disidenteon mugimendua ikusezin bihurtzen dute, turistentzat egokituta dagoen hiri askotariko baten irudi faltsuaren alde». Adierazi dutenez, bizitza merkantilizatzen dute, eta gentrifikazio prozesu bat gauzatzen ari dira: «Etxebizitzarekin espekulatzen aritzen  dira, herritarrak etxegabetzen dituzte, eta, aldi berean, gay hotel berriak ireki». Hori guztia, gainera, «harrotasunaren izenean» egitea kritikatu dute. «Aski da turistifikazioarekin», azpimarratu dute.

Bide beretik, AZET etxebizitza sindikatuko kide batek hitza hartu du: «Argi daukagu udalak, aldundiak eta instituzioek Bilboren irudi bat saldu nahi duten honetan behar-beharrezkoa dela elkar babestea eta egoera salatzea». Adierazi du auzoetan izaten diren indarkeria guztiak isilarazi nahi dituztela. Atzo, esaterako, etxegabetze bat egon zen Zazpikaleetan, eta iragarri du beste familia bat etxegabetu nahi dutela uztailaren 7an. «Dei egiten dizuegu, auzoarekin batera, San Frantzisko kalean Tamararen eta haren familiaren etxea defendatzera», adierazi du. Bertaratu direnek «hotel gutxiago, etxebizitza gehiago» oihukatuz erantzun diote.

Ekainaren 28ko mobilizazioa
Manifestariek Areatza gurutzatu dute, eta Bilboko Udalak eta BBK-k antolatutako makroekitaldia salatu. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Bilbo Bizkaia Harro jaialdiarekin ere kritiko agertu dira manifestariak. Gogoratu dutenez, joan den larunbatean «karrozen desfile bat» antolatu zuten Bilbon, eta «mani izendatzeko gibelak» izan zituzten. Horren harira, argi mintzatu dira Irigoien eta Hounsell: «Gogoratu nahi dugu gu geu garela harrotasuna, harrotasunaren manifa guk antolatutako manifestazioa dela, urteetan ikusi izan denez. Ez da EAJren txiringito batek antolatutako eta Ertzaintzak babestutako karroza desfilea».

Transfobiarekin batera, arrazakeria ere izan dute hizpide. Izan ere, adierazi dute faxismoa dela kapitalismoak krisian dagoenean hartzen duen forma, eta arrazakeria eta transfobia direla haren adierazpen nagusiak. Gizarteko «arrazakeria estrukturala eta instituzionala» salatu dute, eta «Euskal Herriko, Espainiako eta Europako erakunde eta enpresek apartheid erregimenarekin eta Israelen okupazioarekin duten konplizitatea» ere bai. 

Elkartasuna eta antirrazismoa

«Baldintzarik gabeko elkartasuna adierazi nahi diegu herri zapaldu guztiei». Esan dutenez, harrotasuna ez da bateragarria «migratzaileei eta disidenteei osasunerako, paperetarako eta etxebizitzarako» sarbidea ukatzearekin, hau da, horiei guztiei «bizitza ukatzearekin». Alegia: «Ez dago askapenik antirrazismorik gabe». 

«Transfobia gure kaleetan mehatxu den bitartean, trans erresistentziaren lehen lerroan izango gara. Faxismoaren, kolonialismoaren eta transfobiaren aurka, ekainaren 28an dena dugu aldarrikatzeko»

NILS IRIGOIEN ETA BRYN HOUNSELL RIOBizkaiko E28 koordinakundeko kideak

Bizkaiko E28 koordinakundeak dei egin die herritarrei eurekin altxatzeko, antolatzeko, kalea hartzeko eta erasoei eta faxismoari aurre egiteko. «Desmunta ditzagun instituzioak, eta ken diezaiegun mozorroa: ez daitezela gure aldarrikapenez jabetu». Era berean, Irigoienek eta Hounsellek argi utzi dute lehen lerroan izango direla: «Transfobia gure kaleetan mehatxu den bitartean, trans erresistentziaren lehen lerroan izango gara. Faxismoaren, kolonialismoaren eta transfobiaren aurka, ekainaren 28an dena dugu aldarrikatzeko».

Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan ere egingo dute protesta gaur. Manifestazioak, baina, arratsaldez izango dira. Donostian, Bulebarretik abiatuko dira, 18:30ean. Gasteizekoa eta Iruñekoa, berriz, 19:00etan hasiko dira. Gasteizen Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuko dira, eta Iruñean Baluartetik. Ipar Euskal Herrian, berriz, joan den larunbatean egin zuten Miarritzeko 25. Harrotasun Martxa, berdintasunak ez dezan «beste 25 urte itxaron».

ITAIA: «Beharrezkoa da gaurdanik LGTB pertsonen eskubideak defendatzea»

LGTB kolektiboaren aurkako diskriminazioaren aurka borrokatzearen garrantzia azpimarratu du Itaiak gaur, Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunean zabaldutako oharrean. Adierazi duenez, LGTBfobia faxismoarekin batera ari da zabaltzen. Horregatik, beharrezkotzat jo dute faxismoaren aurka borrokatzea, eta «faxismoaren aurrean langile klasearen batasuna eta antolakuntza iraultzailea indartzea». Horrez gain, Itaiak kezka agertu du gazteen artean ikuspegi erreakzionarioa indarra hartzen ari delako, eta iritzi dio gazteria langilearen artean ideologia iraultzailea hedatu beharra dagoela. Argi utzi dute: «Beharrezkoa da gaurdanik LGTB pertsonen eskubideak defendatzea eta LGTBfobiaren aurka borrokatzea». Haien hitzetan, gizarte sozialista eraikitzea ezinbestekoa da genero identitatea eta sexu orientazioa modu askean garatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.