Libanorako su etena ezarri dute Israelek eta Hezbollahk. Reuters albiste agentziak kaleratu berri duenez, hori baieztatu diote Washingtongo iturri ofizialek, baita milizia xiitak ere. 16:00etan sartu da indarrean, Euskal Herrian 15:00ak zirenean. Oraindik ez da heldu Tel Aviven edo Beiruten konfirmaziorik. Israelgo iturri batek ere herrialdeko Haaretz egunkariari esan dio indarrean dela su etena, Hezbollahk eraso eginez gero bertan behera geratuko dela, eta armadak erantzun egingo diola. Tregoa, hori bai, Libanoren kontrako erasoaldi gogor baten jarraian heldu da: Israelgo armadak 47 lagun hil ditu han gauerdiaz geroztik. Horrez gain, Al-Jazeera hedabideak jakinarazi du 16:00etatik aurrera gutxienez hamabi eraso egin dituela armadak, izan bonbardaketen edo tiroketen bidez. Sirena hotsak ere entzun dira Israel iparraldean, herrialdeko hedabideen arabera.
Su etenaren iragarpena baino lehen, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak jakinarazi du Israelgo armada «behar beste denbora» geldituko dela Libano hegoaldean. Hori berretsi du armadako bozeramaileak, Effie Defrinek, gaur emandako prentsaurreko batean: «Argi ditugu gure helburuak eta misioa. Akordioei buruzko edozer gobernuaren ardura da. Bestelako agindurik jaso ezean, armadako zuzendaritzak emandako aginduen arabera jokatuko dugu».
Eta Irani dagokionez, ez sinatze ekitaldirik, ezta negoziazio bilerarik ere. Israelek bere helburua lortu du, eta AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Iran ez dira gaur bilduko. Suitzan ziren biltzekoak, baina hango Atzerri Ministerioak gaur goizean kaleratutako ohar baten bidez jakinarazi du ez direla batzartuko. Ez du azaldu, ordea, zergatik geratu den bertan behera bilera. Atzo goizaldean sinatu zuten memoranduma Donald Trump AEBetako presidenteak eta Masud Pezexkian Irango haren homologoak.
Israelgo armadak azken egunetako erasorik gogorrenak egin ditu gaur Libano hegoaldean eta Bekaa haranean. Libanoko albiste agentzia ofizialaren arabera, Israelek 47 lagun hil ditu eraso horietan, eta ia ehun zauritu. Bonbardaketarik hilgarriena Harufen egin du, hegoaldeko Natabieh eskualdean: bederatzi pertsona hil dira. AEBek eta Iranek adostutako memorandumean jasotzen da gerra fronte guztietan amaitu behar dela, baita Libanon ere. Igande gauean jakinarazi zuen berria Washingtonek, baina, geroztik, Israelek egunero urratu du itun horretan adostutakoa.
Ikusi gehiago
Gaur goizean zabaldutako ohar batean, Israelgo armadak adierazi du Hezbollah Libanoko milizia xiitaren eta haren azpiegituren aurkako erasoak egiten jarraitu duela. Esan duenez, Hezbollahren 80 azpiegitura inguru jo dituzte, eta Hezbollahko dozena bat miliziano hil. Era berean, ohar berean Hezbollahri berari egotzi dio su etena «behin baino gehiagotan» urratu izana, eta azaldu du bart Israelgo armadak Libano hegoaldean egindako erasoak talde xiitaren jarrerari erantzuteko egin dituztela.
Hain zuzen, Israelgo armadak gaur goizean Telegram bidez jakinarazi du lau soldadu hil direla Libano hegoaldean egiten ari diren «operazio militarrean». Horren harira, Netanyahuk ohar bat zabaldu du X sare sozialean, eta adierazi du Israelek ez duela onartuko «bere soldaduen edo lurraldearen aurkako erasorik». Gainera, ohartarazi du Hezbollahk «garesti» ordainduko duela azken erasoak egin izana. Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro ultrak ere mezu bat idatzi du X sare sozialean. Azaldu du Israelgo armada babestea dagokiela, eta, horregatik, Libanori «su eman» behar zaiola. «AEBak errespetatuta, Israelek munduari argi utzi behar dio ezin dela negoziatu gure semeen odolarekin eta gure herritarren segurtasunarekin. Libano osoari su eman behar zaio».

Hezbollahk ohar baten bidez erantzun du. Bertan, talde xiitak salatu du «etsaiak» ez duela inoiz su etenik errespetatu, eta miliziako kideek beren lurraldea defendatuko dutela ohartarazi du. «Erresistentzia Islamikoa adi egongo da eraso egingo ote dioten. Gerlariek beren lurrak eta herria defendatuko dituzte», diote oharrean.
Erasoak tarteko, Efe albiste agentziak zabaldu du ehunka autok Sidon eta Beirut hiriak lotzen dituen errepidea kolapsatu dutela. Informazio horren arabera, Libano hegoaldeko hainbat herritarrek euren herrietatik ihes egin dute herrialdearen iparraldera bidean, Israelek berriro eraso egingo ote duen beldurrez.
Horrekin lotuta, CNN kateak diplomazialari bat aipatuz gaur zabaldu duenez, Libanok erasoaldia eten duen «bermeak» eskatu ditu Teheranek AEBekin Suitzan negoziatzen hasteko. Iturri berak gaineratu du bitartekariak lanean ari direla, auzia konpontzeko asmoz.
Eraso horien berri eduki aurretik, Mohammad Ghalibaf Irango Parlamentuko presidenteak X sare sozialean zabaldutako mezu batean adierazi du Teheranek ez duela onartuko Washingtonek memorandumean adostutakoa urratzea. «Asmo txarrez jokatuz gero, eta aurkariak gehiegizko eskaerak eginez gero, ez dugu zalantzarik izango etsaiari gogor erantzuteko orduan», idatzi du goizaldean.
Suitzako bilkura, aurrerago
Etxe Zuriak bart jakinarazi du JD Vance AEBetako presidenteordeak bertan behera utzi behar izan duela Suitzara egitekoa zen bidaia, «logistika arazoak» direla medio. Baina ez du beste xehetasunik eman, eta ez du esan nahi izan bi aldeak noiz bilduko diren. The Guardian egunkariak Etxe Zuriko iturriak aipatuz zabaldu duenez, bidaia bertan behera uzteko erabakia ustekabean heldu da; izan ere, Vance eta kazetari talde bat aerodromoan zeuden jada, Suitzara bidaiatzeko prest.
Aurrez, atzo arratsaldean, prentsaurreko bat eman zuen Vancek, Washingtonen. Orduan, adierazi zuen mahai gainean zegoela asteburu honetan Suitzara bidaiatzeko eta Iranekin aurrez aurreko bilera bat egiteko aukera. «Gure asmoa Suitzara joatea da, baina ez dakit zehazki noiz. Negoziazio tekniko hori nola antolatu dugun kontuan hartuta, lider politikoek parte hartu behar dute, jakina», esan zuen.
Hala ere, aldaketak gorabehera, Suitzako Atzerri Ministerioak adierazi du Luzerna inguruko gune batean egin beharreko prestaketa lanek «aurrera» jarraitzen dutela, eta aurrerago bilduko direla bi aldeak. Hori berretsi du Irango Atzerri Ministerioak.
80Ormuzko pasabidea desblokeatzeko zenbat mina kendu behar diren. Ormuzko itsasartea blokeatuta dago oraindik. Itsasgunearen erdialdean laurogei mina inguru daude, eta horiek desaktibatu arte ezin izango zaio berriro ekin ohiko nabigazioari. Hori zabaldu du The Guardian egunkariak gaur, petroliontzietako armadore independenteen elkarteko iturriak aipatuta. Donald Trump AEBetako presidenteak asteon adierazi du Ormuzko pasabidea «guztiz» zabalduko zela gaurtik aurrera. Atzo, esaterako, 25 ontzik igaro zuten pasabidea. Oraindik blokeatuta dago, ordea, zenbait oztopo tarteko.
Bestalde, Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrotek gaur adierazi du AEBek «presio» egin behar diotela Israeli, Libanoko erasoaldia eten dezan. Elkarrizketa egin diote Franceinfo katean, eta gaineratu du Frantziak «nazioarteko konferentzia bat» egiteko asmoa duela oraindik ere, eta horretarako lanean ari dela, Libanoko armadari laguntza emate aldera. Gogorarazi behar da atzo Abbas Araghtxi Irango bere homologoarekin mintzatu zela Barrot, telefonoz, eta Araghtxik azpimarratu ziola «AEBen ardura» dela adostutakoa kontuan hartzea eta fronte guztietan gerra amaiaraztea.