Lula: «Bere herrialdetik ezkutuan alde egiten duenak zerbait zor du»

Flavio Bolsonaro Ameriketako Estatu Batuetara heldu da jada, eta Donald Trumpek «ondo» deritzo ihesaldiari. Argentinara igaro zen lurrez, eta Ekuadorren egin du geldialdia, Florida estatura heldu baino lehen.

Luiz Inacio da Silva 'Lula' Brasilgo presidentea, atzo, Brasilian. ANDRE BORGES / EFE
Luiz Inacio da Silva 'Lula' Brasilgo presidentea, atzo, Brasilian. ANDRE BORGES / EFE
Julen Otaegi Leonet - Igor Susaeta
2026ko urriaren 28a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteari «lotsagarria» iruditzen zaio Flavio Bolsonarok egin duena: asteburura arte Brasilgo presidentegai ultra izan denak ez du agindu judizial bat bete, eta hauteskundeak galdu eta ordu batzuetara herrialdetik alde egin du ezkutuan; diru-zuriketa auzi batean nahastua egotea leporatzen diote. Argentinara lurrez igaro eta, han hartutako hegazkinak Ekuadorren geldialdia egin ondoren, Ameriketako Estatu Batuetara iritsi da. «Bere herrialdetik ezkutuan alde egiten duenak, zerbait zor du», nabarmendu zuen Lulak atzo, bere urtebetetzea ospatzeko egin zuen festan: «Zor ez duenak ez du zertan kezkatu. Pena bat da Brasildik ihes egin izana. Geratzea zeukan, frogatzeko akusazioak faltsuak direla».

Argentinako Migrazioetarako Zuzendaritza Nagusiak baieztatu du Bolsonarok atzo iluntzean igaro zuela bi herrialdeen arteko muga, Brasilgo Foz do Iguaçu eta Argentinako Puerto Iguazu hirien arteko zubia zeharkatuz; emaztearekin eta beren bi alabekin zihoan. Eta Infobae atariak jakin ahal izan duenez, ultraeskuindarrak bart gauerdia pasatxoan hartu du hegazkin pribatu bat; bost orduren ostean geldialdia egin du Ekuadorko Guayaquil hirian, hegazkina erregaiz hornitzeko; eta Opa-locka hiriko aireportua (Florida, AEB) izan du helmuga.

Bolsonaroren inguruko iturriek Efe albiste agentziari adierazi diotenez, jada AEBetan dago PL Alderdi Liberaleko burua. Alderdikideek esan dute «oraindik» ez dakitela non dagoen; «prentsak kaleratu dituen albisteetan» izan dute ihesaldiaren berri, esan zuen atzo Rogerio Marinhok, Bolsonaroren kanpainako koordinatzaile izandakoak, kazetarien aurrean: «Hark bidalidako mezu bat jaso nuen, testu mezu bat, zeinean zioen denbora hartu nahi zuela, eta ondoren hitz egingo zuela gurekin».

Donald Trump AEBetako presidenteak Bolsonarok irabazi zezan nahi zuen aurreko igandeko hauteskundeetan; baina galdu egin zituen, Lulak botoen %52 lortu baitzituen. Komunikabideak atzo arratsaldean hasi ziren Bolsonaroren ihesaldiari buruzko albisteak argitaratzen, eta ordu batzuk geroago, mitin batetik Etxe Zurira itzuli berritan, Trumpi galdetu zioten ea zer iritzi zuen Bolsonarok egindakoaz. «Jende ona dira. Hauteskundeak arraroak izan dira. Niregatik ondo dago», erantzun zien. Hau da, begi onez ikusten duela Bolsonaro AEBetara joatea.

Gainera, zenbait komunikabidek kaleratu dute, Estatu Departamentuko iturriak aipatuz, Washingtonek bisak emango dizkietela Bolsonarori eta bere familiari.

Orain Flavio Bolsonarok bezala, haren aita Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohiak (2019-2023) ihes egin zuen AEBetara, 2022ko abenduaren amaieran, Lula hirugarrenez presidente izendatu baino pare bat egun lehenago, Urteberri egunean hartu baitzuen kargua. Han zela hauspotu zuen ezkerreko presidentearen kontrako estatu kolpea, 2023ko urtarrilean, eta, hain zuzen, Auzitegi Gorenak horrexegatik ezarri zion iaz 27 urteko espetxe zigorra.

Bestalde, iazko martxoaz geroztik Texasen (AEB) bizi da Eduardo Bolsonaro, Flavio Bolsonaroren bi anaietako bat. Jair Bolsonaroren kontrako epaiketa oztopatzen saiatzea leporatu zioten, eta hargatik joan zen atzerrira; Gorenak lau urte eta bi hilabeteko zigorra ezarri zion joan den ekainean.

«Horrelakoxea da Bolsonaro familia. Brasil du bigarren patria. Lehenbiziko patria, berriz, Estatu Batuei zapatak miazkatzea du», esan zuen atzo Lulak.

Ez du hitza bete

«Inoiz ez dut pentsatu nire herrialdea abandonatzea», esan zuen astelehenean presidentegai ultraeskuindarra izandakoak, bideo batean. Bada, egun bertan aldatu zuen ustez. Kontua da astelehenean bertan Brasilgo Auzitegi Goreneko epaile Alexandre de Moraesek 24 orduko epea eman ziola Bolsonarori pasaportea entregatzeko, eta hark esan zuen baietz, dokumentu hori entregatuko zuela, nahiz eta salatu bera «intimidatzeko» saiakera zela.

Ez zuen hitzemandakoa bete, eta epe hori amaitu eta jarraian, atzo, Polizia Federalak baliogabetu egin zituen Bolsonaroren dokumentuak. Ordurako, ordea, ihesaldian zegoen.

Auzitegi Gorenak bi ikerketa ditu abian Bolsonaroren kontra, besteak beste, diru-zuriketagatik: bata, Jair Bolsonarori buruzko pelikula baten finantziazioa dela-eta —leporatzen diote jasotako dirua Bolsonaro familiaren kontuetan sartu zutela—; bestea, berriz, sareko apustuen bidez dirua zuritzeko auzi bat dela-eta.

Hauteskundeak irabazi izan balitu, Bolsonarok ikerketa horiek gerarazi ahal izango zituzkeen, presidenteak ezin baitituzte zigortu inbestidura saioa baino lehenagoko ekintzengatik. Ikerketa horiek bere horretan jarraituko dute.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA