Aurtengo abuztuak aurreikuspenak bete ditu, historiako hilabeterik beroena izan dela baieztatu baitu Copernicusek, Europako Batasunak klima aldaketa ikertzeko sorturiko zerbitzuak. Munduan, gainazaleko tenperatura batez beste 16,96 gradukoa izan da, 2023ko uztailean baino 0,01 gradu gehiago; 2026ko abuztuaren datua baieztatu aurretik, inoizko hilabeterik beroena zen, erregistroak daudenetik behintzat. Datu horrek bere horretan ezer gutxi azaltzen du, baina, 1850 eta 1900 bitartean izandako batez besteko tenperaturekin alderatuta, abuztua 1,65 gradu beroagoa izan da.
Ikusi gehiago
Copernicusen arabera, muturreko tenperatura anomalia hori gertatzeko bi arrazoi nagusi daude: batetik, erregai fosilak erabiltzeak sortutako klima aldaketak, eta, bestetik, 'El Niño' fenomenoak. Ozeano Barearen ekialdeko ekuatorean ziklikoki sortzen den klima fenomenoa da El Niño. Haren eraginez, itsasoaren eta airearen tenperatura asko berotzen da, eta, oso eremu handian eragina duenez, munduko batez besteko tenperaturak ere gora egiten du. Are, fenomenoa zenbat eta indartsua izan, orduan eta eragin handiagoa izaten du, aurtengo El Niño-rekin gertatzen ari den moduan.
Europa mendebaldean, berriz, erregistroak daudenetik izandako uda meteorologikorik beroena izan da, eta 2003koa gainditu du. Copernicusek azaldu duenez, abuztuan ere bero boladak izan dira Europako zona horretan, eta gogorarazi du aurten maiatzaren amaieran hasi zirela bero boladak. Horrez gain, klima aldaketa ikertzeko zerbitzuak ondorioztatu du orokorrean hilabete oso lehorra izan dela kontinente osoan, eta horrek ibaien emaria urritu duela. Kontinente osoa kontuan hartuta, abuzturik beroenen artean laugarrena izan da. Izan ere, Europa mendebaldean bero handia egin badu ere, ekialdeko beste eremu batzuetan —Errusian, Turkian eta Ukrainan bereziki— anomalia ez da horrenbestekoa izan. Izan ere, eskualde batzuetan aurreko hiru hamarkadetako batezbestekoa baino hotzagoa izan da hilabetea.
Ekaina, uztaila eta abuztua batera hartuta, Euskal Herrian inoizko uda meteorologikorik beroena izan da. Hilabete berak kontuan hartuta, Europa mendebaldean tenperatura anomalia 2,54 gradu zentigradukoa izan da, 1991 eta 2020 bitartean izaniko batezbestekoarekin alderatuta. Parisko Hitzarmenak 2015ean munduaren berotzea 1,5 gradura mugatzea ezarri zuen, baina 1850 eta 1900 bitartean izaniko batezbestekoarekin alderatuta. Hala ere, 1991 eta 2020 bitarteko datuekin alderatuta, aurtengo uda 2,54 gradu beroagoa izateak ez du esan nahi 1,5 graduko muga hori gainditu denik; izan ere, 1,5 graduko kalkulu hori hogei urteko batezbesteko batekin kalkulatzen da. Hau da, urte batean 1,5 graduko berotzea gainditzeak ez du esan nahi Parisko Hitzarmenak ezarritakoa bete ez denik. Hala ere, Nazio Batuen Erakundeak aurreko astean adierazi zuen muga hori gaindituko dela.
Itsasoa, bero-bero
Zientzialariak oso kezkaturik daude itsasoaren tenperatura dela eta, itsasoko dinamikak asko aldatzen baititu uraren tenperaturaren berotzeak. Abuztuan, airearen tenperaturak marka hautsi du, baita ozeanoetako uren gainazalaren tenperaturak ere —Ipar eta Hego poloetako itsasoen tenperatura kontuan hartu gabe neurtzen da hori—: batez beste, 21,07 gradu izan ditu itsasoko urak abuztuan, 2024ko martxoaren pare. Gainera, abuztuaren 22an egon da itsasoko ura beroen: 21,1 gradu zentigradu. Hori, hein handi batean, El Niño fenomenoagatik gertatu da, eta Copernicusek ohartarazi du fenomeno hori are eta indartsuagoa izango dela datozen hilabeteetan.
Europa mendebalde itsasalde gehienean uraren tenperatura inoiz baino beroagoa izan da. Eta, Euskal Herriari dagokionez, kostalde osoan, uraren tenperatura inoizko beroena izan da, baita kostaldetik ehunka kilometro itsas barrura joanda ere.
Samantha Burgessek, Erdiko Eperako Aurreikuspen Meteorologikoetarako Europako Zentroko klima estrategia arduradunak, azaldu du airearen eta itsasoaren ezohiko tenperatura bero horiek muturreko fenomenoak areagotzen dituztela bai atmosferan eta bai itsasoan,