Macronek «ezker muturreko» taldeei egotzi die istiluen ardura

2.000 lagun atxilotu dituzte protesten harira, eta gaur ere istiluak izan dira, besteak beste, Paris erdigunean. Atzo 550.000 eta 800.000 lagun artean mobilizatu ziren hiri nagusietan, bizitzaren garestitzea salatzeko.

Auto bat sutan, atzo, Parisko Errepublikaren Plazan. YOAN VALAT / EFE
Auto bat sutan, atzo, Parisko Errepublikaren Plazan. YOAN VALAT / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko urriaren 18a
21:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasle Mugimenduak eta Jaka Horiek Frantzian egindako protestek herrialdea aztoratu dute. Atzo protesta eguna zuten bizitzaren garestitzea eta erosahalmenaren galera salatzeko, eta, manifestazio asko baketsuak izan ziren arren, beste hainbatetan istiluak izan ziren; ondorioz, Frantziako Gobernuak gaur jakinarazi duenez, denera 2.000 pertsona atxilotu dituzte, horietatik 855 Parisen. Gaur ere izan dira istiluak hiriburuan.

Gertakarien ondotik, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ezohiko agerraldia egin du iluntzean. Presidenteak bereizi egin ditu protestan dabiltzan ikasleak eta «istilu sortzaileak»: «Ezker muturreko taldeetatik datozen istilu sortzaile batzuek, gaizkile ugarirekin batera, dendak arpilatu eta eraikin publikoak suntsitu dituzte. Zergatik erre dute Limogeseko udaletxea? Nola heldu daitezke horraino? Ezerk ezin dezake azaldu, ezta justifikatu ere. Guztiok sentitzen ditugu amorrua eta lotsa».

Manifestazioak debekatzetik harago, Macronek ez du neurri zehatzik iragarri, eta egoera baretzeko eskatu du, hauteskundeetarako sei hilabete soilik falta direla argudiatuta. Momentuz ez du larrialdi egoera ezartzeko asmorik.

Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko kideekin, gaur. LUDOVIC MARIN / EFE
Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko kideekin, gaur. LUDOVIC MARIN / EFE

Aitortu du, dena den, azken egunetako «indarkeria» aurrekaririk gabea dela, eta istiluak eragin dituzten taldeen aurka gardentasunez baina zorrotz egingo dutela hitzeman du. «Gure epaileek zuen izenean egiten dute justizia, eta badakite euretaz zer espero duzuen. Suntsiketak eragin dituztenek ordaindu egin beharko dute; errepublika erorarazten saiatu direnek egin dutenaren ardura hartu beharko dute», zuzendu zaie herritarrei.

Sindikatu eta alderdiei gertakariak kondentzea exijitu die Macronek, eta kontuak, bereziki, Jean Luc Melenchonen Frantzia Intsumisoari eskatu dizkio, protestak bultzatzeagatik: «Kalera irtetea urgentziazkoa dela dioten horiek guztiek helburu bakarra dute: eztabaida bahitzea. Eztabaidak ez dira kalean egin behar, ezta indarkeriaren bidez ere. Gure herriak presidentetzarako boz eredugarriak merezi ditu sei hilabete barru».

Gehitu du ikasleen protestak zilegiak direla, ulertzen dituela, eta presidenteak «gizartearekin duen konpromisoaren erdigunean» kokatzen dituela. «Gure ardura bikoitza da: haien haserrea entzun behar dugu, baina ordena errepublikarra errespetatuaraziz».

Protesta mordoa

Atzo, hiri ugaritan oldartu zen Polizia manifestarien aurka, eta haiek ibilgailuak eta eraikin publikoak erre eta luxuzko dendak arpilatu zituzten, besteak beste. Gobernuaren arabera, 1.500 denda arpilatu edo suntsitu zituzten, eta 600 polizia zauritu.

Atzoko egunerako 500 ekintza eta 90 manifestaziotik gora zeuden deituta, eta, antolatzaileen arabera, 800.000 lagun baino gehiago bildu ziren haietan. Frantziako Gobernuaren arabera, denera 550.000 izan ziren.

Protestarik handienak hiri handietan izan ziren, hala nola Parisen, Marseillan, Roazhonen (Rennes), Okzitaniako Tolosan, Lillen, Lyonen eta Angersen. Zeresan gehien eman duen ekintza, halere, Limoges hirikoa izan da. Han, manifestariek su eman zioten hiriko udaletxeari, eta, tokiko erakundeen arabera, «ia erabat suntsituta» geratu da 143 urte dituen eraikina. «Teilatua beheko solairuaren gainera erori da, eta fatxadaren bi heren desagertu dira», zehaztu dute.

Limogeseko udaletxea sutan, atzo iluntzean. EFE
Limogeseko udaletxea sutan, atzo iluntzean. EFE

Marseillan ere udaletxean sartzea lortu zuten manifestariek, sarrerako ateak botata, baina Poliziak kanporatu zituen minutu batzuk pasatakoan. Lyonen, berriz, turismo bulegoari eman zioten su.

Paris erdialdean ere istilu ugari izan ziren. Errepublikaren Plazatik gertu, esaterako, gas negar eragilea erabili zuen Poliziak su artifizialak eta adokinak jaurtitzen ari ziren manifestarien aurka. Hainbat edukiontzi eta ibilgailu ere erre zituzten, baita denda eta banku batzuk arpilatu ere, besteak beste, Lacoste arropa markaren bat.

Hiriburuko protestetan pertsona bat hil da bihotz biriken gelditze baten ondorioz, Parisko Prefekturak jakinarazi duenez. Le Progrès kazetak zabaldu duenez, berriz, Saint-Etienne hirian mobilizatu zen manifestari batek esku bat galdu du. Iturri horren arabera, Poliziak granada bat jaurti zuen, eta lehergailu horrek eztanda egin zuen manifestari batek hartu nahi izan zuenean.

Sare sozialen deia

Atzoko eguneko protestetarako deia duela hilabete inguru zabaldu zen sare sozialen bidez. Hasieran ez zirudien sekulako oihartzuna izango zuenik, baina ikasleen azken egunetako protestek eta herritarren egonezinak hauspotu dute deialdia, baita hainbat sindikatuk, gazte erakundek, talde ekologistak eta nekazarik harekin bat egin izanak ere.

Testuingurua ere garrantzitsua da: datozen egunetan aurrekontuen inguruko eztabaida egingo dute Frantziako Parlamentuan, eta gobernuak 54.000 milioi euroren murrizketak proposatuko ditu jada sekulakoa den zor publikoa kontrolatzeko. Presidentetzarako bozak, gainera, sei hilabete barru dira, eta Macronen dimisioa izan da aldarri entzunenetako bat protestetan.

Zerbitzari bat gas negar eragile botila bati ostikada bat ematen. MOHAMMED BADRA / EFE
Zerbitzari bat gas negar eragile botila bati ostikada bat ematen. MOHAMMED BADRA / EFE

Jean-Luc Melenchon LFI Frantzia Intsumisoa alderdiko buruak, atzo, adierazi zuen herritarrak «modu baketsuan» mobilizatu zirela, eta hedabideak protestez nola ari diren salatu zuen. «Albistegietan biolentziaz betetako irudiak ipintzen dituzten bitartean, jendea modu baketsuan mobilizatzen ari da hemen. Bi mundu, bi errealitate». Bide beretik jo zuen haren alderdikide eta Saint-Deniseko alkate Bally Bagayokok. France Info irratiari emandako elkarrizketa batean esan zuenez, mobilizazioen helburua zera da: «Borroken, suminduen eta belaunaldien bateratzea». Era berean, konbentzituta esan zuen atzoko mobilizazioak «dinamika handiago baten abiapuntua» direla.

Haiei erantzunez, Marine Le Pen Frantziako eskuin muturraren liderrak adierazi zuen «bidezkoa» dela eskari sozialak egiteko mobilizatzea, baina salatu zuen «ezker muturreko bazter nahasle batzuek» eskari horiek «hondatu» dituztela. Gaineratu zuen Melenchonen eta haren alderdikideen diskurtsoek «biolentzia legitimatzen» dutela: «Ordena zapalkuntzatzat daukate, eta desordena eskubidetzat. Herrialdea kaosean amildu dadila besterik ez dute nahi».

Protestak Europan

Frantzia ez da azken egunetan protestak hedatu diren Europako herrialde bakarra izan. Asteburuan mobilizazio jendetsuak izan dira, besteak beste, Belgikan, Portugalen eta Italian. Azken horretako zenbait hiritan ere, hala nola Milanen, Bolonian eta Turinen, bizitzaren garestitzea salatzea izan da manifestarien helburu nagusia. Nagusiki jende gaztea izan da mobilizatu dena, eragile politiko nagusien gidaritzarik gabe.

Milanen, adibidez, Poliziak 50 lagun atxilotu zituen atzo, erdiak adingabeak. Agenteei harriak, botilak eta petardoak jaurtitzea egotzi diete, baita hainbat barrikada egitea, eta denda bat edo beste arpilatzea ere. 

Poliziak eta manifestariak aurrez aurre, atzo, Milanen. MATTEO CORNER / EFE
Poliziak eta manifestariak aurrez aurre, atzo, Milanen. MATTEO CORNER / EFE
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA