Gaur urtebete hartutako kolpearen ostean, AEBetako Alderdi Demokrata suspertu egin da atzoko hauteskundetan. Zohran Mamdani hautagai demokrata nagusitu da New Yorkeko alkatetzarako bozetan. Sozialista da, immigrantea eta musulmana. Gainera, New Jersey demokraten esku egongo da aurrerantzean ere, eta, errepublikanoak lau urtez agintean egon ostean, Virginiako gobernadorea demokrata izango da berriz. Donald Trump AEBetako presidenteak gaur urtebete irabazi zituen bozak; hari zuzenean mintzatu zaio Mamdani: «New York etorkinen hiria izango da aurrerantzean ere, etorkinek eraikia, eta, gaurtik aurrera, etorkin batek gidatua». Eta gaineratu du: «Gutako bat atzemateko, gu guztion gainetik igaro beharko duzu».
Erlazionatuta
«Iluntasun politikoko garaiotan, New York argia izango da», adierazi du New Yorkeko alkate izango denak, emaitzen berri izan ostean emandako hitzaldian. «Ez da soilik Trump nola geldiaraziko dugun, baizik eta baita hurrengoa nola geldiaraziko dugun ere. Beraz, Donald Trump, badakit ikusten ari zarela, zuretzako hitz batzuk ditut: igo bolumena!». Mamdani hitzaldia ematen ari zen bitartean «... eta horrela hasi da!», idatzi du AEBetako presidenteak, Truth Social bere sare sozialean.
Trump Mamdaniren garaipena oztopatzen saiatu da, eta azken asteetan mehatxu egin du New Yorki funts federalak emateari utziko diola bozak «komunista» batek irabazten baditu. Gainera, azken egunetan Andrew Cuomo hautagai independentearen alde agertu da. Etxe Zuriko maizterraren babesa, baina, ez da nahikoa izan hautagai demokratari gailentzeko: botoen %50,4 lortu ditu Mamdanik, %41,6 Cuomok, eta %7,1 Curtis Sliwa hautagai errepublikanoak. Azken hamarkadetako parte hartze handiena izan zen atzokoa; AEBetako hedabideen arabera, 1969. urtetik izandako handiena: gutxi gorabehera bi milioi biztanlek eman dute botoa; 2021ean, milioi batek baino apur bat gehiagok eman zuten.

AEBetako presidentearen antitesi moduan aurkeztu du bere burua Mamdanik. Kanpainan azpimarratu duenez, langile klasearentzat bizitzaren kostua apaltzea du helburu. «Betidanik, dirudunek esan digute New Yorkeko langileok ezin dugula botererik eduki. Gaur, lortu dugu. Boterea gure eskuetan dago», adierazi du garaipena ospatzean. Urtarrilaren 1ean hartuko du kargua, eta orduan hasiko da egindako promesak gauzatzeko aldia. Erosahalmenaren inguruan ardaztu du kanpaina: besteak beste, agindu du etxebizitzen alokairuen prezioak izoztuko dituela, autobus zerbitzua doakoa izango dela, eta haurren zaintza sistema unibertsala ezarriko duela, baita udalaren jabetzako supermerkatu sare «merke» bat sortuko duela ere.
Azken mendeko alkate gazteena izango da Mamdani —34 urte ditu—, baita lehen alkate musulmana ere. «Gaztea naiz. Musulmana naiz. Demokrata sozialista naiz. Eta larriena da ez dudala barkamenik eskatuko horregatik». Antisemita izatea leporatu diote Israel genozidioa egiten ari dela esateagatik eta palestinarrei babesa adierazteagatik. Bart, ziurtatu du New Yorkeko Udalak juduen alboan jarraituko duela, eta antisemitismoaren aurka egingo duela borroka. Eta gogorarazi du New Yorken bizi diren «milioi bat pasa musulmanak» hiriaren parte direla, baina baita agintearen parte ere.
«New York etorkinen hiria izango da aurrerantzean ere, etorkinek eraikia, eta, gaurtik aurrera, etorkin batek gidatua»
ZOHRAN MAMDANI New Yorkeko alkatetzarako bozen garailea
Gaur urtebete, bigarrenez irabazi zituen AEBetako presidentetzarako bozak Trumpek —2017tik 2021era ere presidente izan zen—. Iaz 312 ordezkari lortu zituen, Alderdi Demokrataren hautagai Kamala Harrisek, aldiz, 226. Gainera, botoen kopuruan ere nagusitu zen. Oro har, demokratek behera egin zuten: garaipena lortu zuten estatuetan ere 2020an baino emaitza eskasagoak lortu zituzten. Presidentetzarako lehian ez ezik, demokratak atzean geratu ziren bi ganberetakoan ere. Ordutik, kontserbadoreek gehiengoa dute AEBetako Senatuan eta Ordezkarien Ganberan. Atzo, aldiz, joera bestelakoa izan zen.
New Yorkekoak ez ziren izan atzo AEBetan egindako hauteskunde bakarrak. Bi estatutako bozak ere egin zituzten, eta Alderdi Demokrata nagusitu zen bietan. New Jerseyk, azken agintaldian bezala, gobernadore demokrata izango du: Mikie Sherrill kongresukide ohia nagusitu da. Bestalde, Virginian aldaketa izango da: azken agintaldian, errepublikanoek esku egon da, baina atzoko bozetan Abigail Spanberger hautagai demokrata nagusitu zen. Lehen aldiz izango dute emakumezko gobernadore bat estatu horretan.
AEBetako presidenteak argi du zein den errepublikanoen porrotaren arrazoia: «Inkestagileen arabera, 'Trump boto paperetan ez egoteagatik eta gobernuaren itxieragatik galdu dituzte bozak errepublikanoek'», idatzi du Truth Socialen.
Errepublikanoak, ahulduta
Trumpen administrazioa ahulduta atera da bart Kalifornian eta Pennsylvanian ere. Kaliforniako herritarrek 50. Proposamena onartu dute; hala, berrantolatu egingo dituzte estatu horretako hautesbarrutiak, eta demokratei modua eman Ordezkarien Ganberan beste bost eserleku lortzeko. Trump errepublikanoen esku dauden estatuak estu hartzen ari da gisa horretako aldaketak egiteko, eta Kaliforniako aldaketa saiakera horiei emandako «erantzuna» izan da, Gabin Newson gobernadorean arabera. Agintaldiaren erdian egingo dituzte AEBetako Kongresua berritzeko bozak, datorren urteko azaroan.
Bestalde, Pennsylvaniako herritarrek estatu horretako Auzitegi Goreneko hiru epaile demokraten jarraipenaren alde ala kontra bozkatu ahal izan zuten atzo. Trumpek horien aurka bozkatzeko eskatua zuen, baina baiezkoak irabazi du. Iazko azaroan, presidentetzarako bozetan, Alderdi Errepublikanoa nagusitu zen Pennsylvanian. Halere, atzoko bozen ostean, demokratek gehiengoari eutsiko diote estatu horretako organo judizial nagusian: bost epaile dira demokratak, eta bi errepublikanoak.