Fukushimako istripu nuklearraren ostean, Japoniak herrialdeko erreaktore nuklear ia guztiak itxi zituen. Orain, ia hamabost urte geroago, berriz ere energia nuklearraren alde egiten ari da Tokio. Gaur, Niigata prefekturako asanbleak Kashiwazaki-Kariwa zentral nuklearra berriz irekitzea onartu du. Munduko zentral nuklearrik handiena da, eta aurreikusten dute urtarrilaren 20rako martxan jarriko dutela hango zazpi erreaktoreetako bat.
Niigatako gobernadore Hideyo Hanazumik azaroan aurkeztu zuen zentrala berriz martxan jartzeko proposamena, eta gaur oniritzia eman dio prefekturako asanbleak. LDP Alderdi Liberal Demokratikoaren botoek ahalbidetu dute lege proposamenak aurrera egitea; alderdi kontserbadore hori dago agintean Japonian.
Proposamenak aurrera egin duela jakin ostean, Hanazumik ziurtatu du segurtasuna bermatzeko urratsak egiten jarraituko dutela: «Segurtasun neurrien berri emango dugu, eta ebakuazio bideak eta babeslekuak eraikiko ditugu». Kashiwazaki-Kariwa zentrala Tokiotik 220 kilometro ingurura dago, ipar-mendebalderantz. Tepco Tokio Electric Power Company enpresa publikoak kudeatzen du zentrala; hori bera zen Fukushimako zentralaren arduraduna.
Munduko zentral nuklearrik handienak zazpi erreaktore nuklear ditu, eta 8,2 gigawatt elektrizitate sortzeko ahalmena zuen —Garoñakoak, zeina Arabako mugatik kilometro eskas batzuetara baitzegoen, 0,46 gigawatt sortu ahal zituen—. NHK Japoniako hedabide publikoak kaleratu duenez, urtarrilaren 20rako erreaktore horietako bat berriz martxan jartzeko asmoa dute, eta 2030. urterako, beste bat. 1,36 gigawatt elektrizitate sortzeko ahalmena du erreaktore horietako bakoitzak. Tepcok ez ditu baieztatu data horiek.
Lehen ministroaren babesa
2011ko martxoan, lurrikara batek eta haren ondoriozko tsunamiak isuri erreaktibo bat eragin zuen Fukushimako zentral nuklearrean. Istripu horrek krisi nuklearra sortu zuen herrialdean, eta 54 erreaktore nuklear itxi zituzten. Orduz geroztik, erabilgarri dauden 33 erreaktoreetatik hamalau martxan jarri dituzte berriz. Sanae Takaichi lehen ministroak —duela bi hilabete hartu zuen kargua— energia nuklearraren sorkuntza areagotzea babestu izan du, argudiatuta hala erregai fosilen inportazioak murriztuko dituztela eta elektrizitatea merkatuko dutela.
Gaur onartutako proposamenak kontrako iritziak ere sortu ditu. Hirurehun manifestari inguru elkartu dira Niigatako asanblearen kanpoaldean, zentral nuklearra berriz martxan jartzeko erabakiaren aurka protestan.