Elon Musken haserrea piztu dute Espainiako eta Frantziako gobernuek. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atzo iragarri zuen 16 urtetik beherakoei sare sozialak erabiltzea debekatuko dietela Hego Euskal Herrian, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, 15 urtetik beherakoentzat izango da debekua, Frantziako Asanbleak joan zen astean ontzat eman baitzuen horretarako lege proiektua —Senatuan eztabaidatu behar dute orain—.
Azken orduetan, munduko gizonik aberatsenak gogor jo du Sanchezen aurka X-n, bera jabe den sare sozialean. Zera idatzi du lehen txioan: «Sanchez zikina tirano bat da, eta Espainiako jendearentzako traidore bat»; bigarrengoan, ordubete geroago, «benetako faxista totalitarioa» dela jarri du.
Dirty Sánchez is a tyrant and traitor to the people of Spain 💩 https://t.co/B3oyHrBYpR
— Elon Musk (@elonmusk) February 3, 2026
Espainiako Gobernua datorren astean onartzekoa da presidenteak atzo aurkeztutako neurri sorta: besteak beste, sare sozialetarako sarbidea debekatzea —adina ziurtatzeko sistemak ezarri beharko dituzte—; delitu gisa jasotzea algoritmoen manipulazioa eta legez kanpoko edukiak zabaltzea; eta plataforma digitaletatik legez kanpoko edo gorroto delitu gisa jotako edukiak ezabatu ezean, erantzuleak plataforma horien jabeak izatea. Azken neurri horrek zuzenean eragin diezaioke Muski.
Joan den ostiralean ere izan zen Sanchezen eta handikiaren arteko xextra sare sozialetan. Orduko hartan, Espainiako Gobernuko presidentea izan zen Muskek migratzaileen egoera erregulatzearen aurka idatzi zuen txio bati erantzun ziona. «Martek itxaron dezake, gizateriak ez», jarri zion.
Frantzian deklaratzera deitua
Litekeena da Muskek Espainiako epaitegietara joan behar izatea, baina Frantzian mehatxua egia bihurtu da jada. X-k Parisen duen egoitza miatu zuten atzo goizean, eta, horren ondoren, Frantziako Fiskaltzak adierazi zuen Musk deklaratzera deitu duela apirilaren 20rako. Horren inguruan, sare sozialaren jabeak bart idatzi du «eraso politiko bat» dela.
Fiskaltzak ohar batean zehaztu zuenez, iazko urtarrilaren 12an eta uztailaren 9an X-ren aurka jarritako bi salaketari erantzuteko miatu zuten egoitza. Ministerio Publikoak dioenez, salaketa horiek zioten X sare sozialaren Grok adimen artifizialaren eraginez X-k «eduki negazionistak eta kutsu sexualeko deepfake-ak hedatzen» dituela.