Ilham Ehmed: «Nazioarteko erakundeek esku hartu beharra dute Siriako sarraskia geldiarazteko»

Ehmeden arabera, Siriako Gobernuak «goizetik gauera» erabaki du kurduen eremuak zuzenean kontrolatuko dituela, eta horrek eragin du gatazka. «Damaskoko indarrak gure eskualdean sartzen badira, gogor egingo diegu baliabide guztiak erabiliz».

Ilham Ehmed, Siria Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoko lehendakarikidea.
Ilham Ehmed, Siria Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoko lehendakarikidea. MA
Orsola Casagrande
2026ko urtarrilaren 20a
17:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ilham Ehmed (Afrin, Kurdistan, 1963) Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomo-Demokratikoaren Kontseilu Exekutiboko lehendakarikidea da 2018az geroztik.

Zer gertatu zen astelehenean Damaskon, Siriako behin-behineko presidente Ahmed al-Xaraaren eta SDF Siriako Indar Demokratikoetako komandanteburu Mazlum Abdiren arteko bileran?

Baziren zenbait hilabete Damaskoko behin-behineko gobernua iazko martxoaren 10ean eta apirilaren 1ean sinatutako akordioak urratzen ari zela; hori aski ez, eta tarte horretan ez du inolaz ere hitz egin nahi izan gure erakundeekin. Astelehenean, Mazlum Abdi komandantea hirugarren akordioa berrestera joan zen Damaskora, itun horrek barne hartzen baititu kurduen eskubideak errespetatzeko bermeak. Abdik bost eguneko epea eskatu zion Damaskori, gutarrei akordioaren nondik norakoak azaltzeko eta hartan bildutakoa indarrean jartzeko. Ez zuen inongo berrikusketarik egiteko eskatu, baizik eta egun batzuk emateko bakarrik, dokumentua aurkeztu eta haren xehetasunak azaldu ahal izateko. Goizetik gauera, baina, gobernuak esan zuen zuzenean kontrolatu nahi zituztela kurduen eremuak. Bistakoa denez, ezinezkoa zen halakorik onartzea, eta Abdik alde egin zuen. Guri dagokigunez, akordio horrek ez du inongo baliorik jada.

Argi zegoen gauzak okertuak zirela, Alepon kurduen aurkako erasoak egin zituztenetik behintzat bai.

Eta lehenagotik ere bai, drusoei eraso egin zietenetik. Esan bezala, gobernuak ezezkoa eman du gurekin hitz egiteko eskatu diogun aldi oro. Ez dute minutu batez ere errespetatu asteburuan ezarritako su etena, nahiz eta gure indar armatuak beste eremu batzuetara mugitzen hasiak izan.

Orain gerra bete-betean zaudete... Zein da zuen jarrera?

Eraso horiei aurre egitea, jakina. Berriz ere esango dugu: behar-beharrezkoa da su etena izatea. Bagenuen tregoa ezartzeko hitzarmen bat, baina Damaskok hautsi egin zuen. Bagenuen kurduen eskubideak errespetatzeko hitzarmen bat, eta Damaskok hautsi egin zuen. Orain ere seguru dakigu ezinbestekoa dela hitz egitea, baina argi dago erantzun egingo diegula eraso horiei. Damaskoko indarrak gure eskualdean sartzen badira, gogor egingo diegu baliabide guztiak erabiliz.

«Damaskoko gobernuak itun guztiak urratu zituen kurduen eremuak kontrolatzen ahalegindu zenean»

Zenbat lagunek alde egin behar izan dute Raqqatik, Alepotik, Tabqah-tik? Zenbat desagertu dira Alepon, eta zenbat atxilotu dituzte?

Egoera oso bizkor aldatzen da egun batetik bestera, baina Jazirako eskualdetik alde egindakoak milaka dira: badira egun batzuk etxetik ihes egin behar izan zutela. Astelehenean bakarrik, Heseke-ko 300 familia baino gehiago iritsi ziren Derik-era.

Ehun mila lagunek alde egin dute Alepotik, eta mila eta hiru mila bitartean desagertuta edo atxilotuta daude.

Turkiarekin eta Damaskorekin loturaren bat duten talde armatuak jendea hiltzen eta torturatzen ari dira, batez ere emakumeak eta borrokalariak. Bi espetxetan sartu, eta aske utzi dituzte Estatu Islamikoko milaka preso. Zer esan nahi diezue isilik geratu diren nazioarteko erakundeei?

Ikusi dugu Damaskoko indarrek nola moztu dieten lepoa emakumeei, zibilei eta borrokalariei, bai Raqqan eta bai beste herri batzuetan, eta horrek izua besterik ez die ekarriko herritar zibilei. Urte hauetan, inork ez dute eragotzi Estatu Islamikoa berritzea, nahiz eta horretaz ohartarazi diegun nazioarteko erakundeei. Turkiak trebatu ditu talde horietako asko, eta kurduenganako gorrotoa erakutsi, baina baita drusoen eta beste gutxiengo batzuenganako gorrotoa ere. Nazioarteko erakundeei dei egiten diegu esku har dezaten sarraskiak geldiarazteko eta herritar zibilak babesteko, berandu izan baino lehen. Nazioarteko Koalizioak ez du esku hartze militarrik egin orain arte. Hitz egitearen aldeko dei herabe batzuk besterik ez du egin. Giza hondamendi baten atarian gaude; horrela segituz gero, milaka eta milaka lagunek ez dute izango nora joan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA