Ameriketako Estatu Batuek Nicolas Maduro Venezuelako presidentea preso hartuagatik ere, chavistek dute agintea Venezuelan, nahiz eta Donald Trump AEBetako presidentearen administrazioak ziurtatu bere esku duela herrialdearen gidaritza. Orain, Washingtonen asmoa da Venezuelako petrolio industria suspertzea; badaki milaka milioi dolarren inbertsioak beharko dituela, eta, beraz, Trump munduko petrolio konpainia handienetako buruekin bildu zen atzo, Etxe Zurian. Venezuelako Gobernuak nazionalizazioak egin izan dituela ikusita, konpainia horiek «aldaketa nabarmenak» eta bermeak eskatu dizkiote AEBetako presidenteari. Hark «babesa eta gobernuaren segurtasuna» eskaini dizkie; asmoa da «gutxienez 100.000 milioi dolar haien kapitaletik lortzea, eta ez gobernuaren dirutik».
Bileraren ondoren egindako prentsaurrekoan, bart, Trumpek iragarri zuen «negozioa egiteko» daudela Venezuelako petrolio erreserbak, zeinak munduko handienak omen diren. Haren hitzetan, irabaziak AEBentzat eta petrolio konpainientzat izango dira, eta venezuelarrek ere jasoko dute diru «pixka bat».
AEBetako hedabideek kaleratu dutenez, herrialde horretako konpainiak ez daude oso ziur dirutza inbertitzea aukera ona den; are, zera esan zuen atzo Exxon Mobil konpainiako zuzendari nagusiak, Darren Woodsek: «Venezuelako marko legal eta komertzialei erreparatuz gero, ikusten da ez dela herrialde erakargarria inbertitzeko. Ezinezkoa da inbertitzea». Irizten dio marko horiek eta «sistema legala» moldatu behar direla, eta balitekeela Washingtonen eta Caracasen arteko hartu-emanak modua ematea horretarako: «Konfiantza dut».
Izan ere, Trump fio da sektorea onbideratuko dela: «Inoiz ez bezala aterako dugu petrolioa. Venezuelak arrakasta izango du». Horixe bera uste du Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak. Egunero 45.000 upel ateratzen ditu Repsolek Venezuelan, eta «asko inbertitzeko» asmoa du, egunean hori halako hiru ateratzeraino: 135.000, hain zuzen ere. «Eskerrik asko, presidente jauna, Venezuela hobea izateko ateak irekitzeagatik», adierazi zuen atzo Imazek.
21.000Repsolek zenbat milioi dolar inbertitu dituen AEBetan Etxe Zurian bart egindako prentsaurrekoan, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak jakinarazi zuen ezen azken hamabost urteetan Repsolek 21.000 milioi dolar inbertitu dituela AEBetako petrolio eta gas industrietan: besteak beste, Texasen, Pennsylvanian, Alaskan eta «Amerikako Golkoan» —Trumpek halaxe deitu izan dio Mexikoko Golkoari—.
Hori bai, AEBetako presidenteak ez du nahi makineria «zaharberritzea» soilik, baizik eta konpainiek beste instalazio batzuk eraikitzea: «Espero dut txatarra zaharkitua kenduko dutela, han hainbeste urtez egondako hori, eta ondo lan egingo dutela. Denbora luzez egongo dira han. Akordioa egiten badugu, denbora luzez egongo dira han, bai». Trumpen administrazioak erabakiko baitu nork duen petrolioa ustiatzeko eskumena: «Gurekin ari zarete tratuan, ez Venezuelarekin. Ez dugu nahi zuek Venezuelarekin tratuan aritzea», erantsi zuen presidenteak.
Exxon Mobil eta Conoco Phillips AEBetako petrolio konpainiek Venezuela utzi zuten 2007an, Hugo Chavez presidentearen orduko gobernuak (1999-2013) azpiegiturak desjabetu zizkienean. Nazionalizatu egin zituen. Venezuelako Gobernuaren eta Petroleos de Venezuela enpresa publikoaren kontrako auzibideak aurkeztu zituzten nazioarteko eta AEBetako auzitegietan; espero dute exijitzen dituzten kalte ordainen bidez pagatzea inbertsioak —Exxon Mobilek 20.000 milioi dolar galdegin ditu, eta Conoco Phillipsek, berriz, 12.000 milioi—. Trumpek, ordea, ez du uste ideia ona denik: «Modu parekidean ekingo diogu. Ezin diogu erreparatu iraganean galdutakoari. Beste presidente bat izan zen». Chevron da orduko hartan Venezuelan geratu zen AEBetako konpainia bakarra; egunean gutxi gorabehera 150.000 upel bidaltzen ditu AEBetako findegietara.
Rodriguez, «aliatu bat»
Atzo, Washingtonen ordezkaritza bat heldu zen Caracasera, bi herrialdeen harreman diplomatikoei berriro heldu edo ez aztertzeko; sei urte igaro dira Maduroren aginduz AEBek Venezuelan zuten enbaxada itxi zutenetik. Bada, Trumpek atzoko prentsaurrekoan esan zuen ezen harreman «oso ona» duela Venezuelan «gobernatzen dutenekin», eta litekeena dela «aurki» haiekin biltzea: «Uste dut azkarrak izan direla ikusita nola jokatu duten gurekin, benetan. Beste eraso batekin birrindu genezakeen leku hori, eta ez genuen halakorik egin nahi». Etxe Zurikoak esan du Delcy Rodriguez buru duen jarduneko gobernuak «aliatutzat» hartzeko modukoa dirudiela.
Atzo, Rodriguezek jakinarazi zuen AEBen esku sartzeari «diplomaziaren bidez» erantzungo diotela, eta bi herrialdeen arteko «aurrez aurrekoa» elkarrizketen bidezkoa izango dela. Venezolana de Television katean egindako adierazpenetan, jarduneko presidenteak erantsi zuen «diplomazia bolivartar bakezalea» dela haiena.
Bestalde, AEBetako presidentea Maria Corina Machado oposizioko buruarekin biltzekoa da datorren astean, herenegun Fox News AEBetako telebista katean eman zuen elkarrizketa batean iragarri zuenez: «Kasu egin nahiko nioke». Atzo, Etxe Zurian, kazetariek Trumpi galdetu zioten ea Machadorekin duen jarrera aldatuko ote duen hark Bakearen Nobel saria berarekin partekatuz gero. «Baliteke [Venezuelako trantsizioan] nolabaiteko zerikusia edukitzea. Harekin hitz egin beharko dut. Uste dut estimatzekoa dela hona etorri nahi izatea», erantzun zuen presidenteak.
Nobel Institutuak dagoeneko ohartarazi dio Machadori ezin duela saria besterendu. Trump ez dator bat: «Ez zait okurritzen Nobel saria nik baino gehiago merezi duenik. Ez dut harrotu nahi, baina inork ez ditu nik baino gerra gehiago konpondu», erantsi zuen.