Rafahrako martxan parte hartzekoak ziren 200 ekintzaile baino gehiago atxilotu ditu Egiptoko Poliziak

Bihar zen abiatzekoa Gazan laguntza humanitarioa sartzen uzteko presioa egiteko nazioarteko ekintzaileen martxa, Kairotik. Gutxienez zortzi euskal herritar daude atxilotuen artean.

Herritarrak Gazatik ihesi, joan den maiatzean. HAITHAM IMAD / EFE
Herritarrak Gazatik ihesi, joan den maiatzean. HAITHAM IMAD / EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Aitor Garmendia Etxeberria
2025eko ekainaren 12a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

March to Gaza nazioarteko ekimenak goizaldean jakinarazi duenez, bihar Rafahrantz abiatzekoa zen martxan parte hartu behar zuten ekintzaileak atxilotzen hasi da Egiptoko Polizia bart gauean. Gutxienez 200 ekintzaile atxilotu ditu, tartean, gutxienez zortzi euskal herritar. Malu Egiluzek —martxan parte hartzekoa den euskal herritarretako batek— jakinarazi du Kairoko aireportuan hartu dituztela atxilo sei euskal herritar, eta Salma hotelean beste bi; atxilo hartutako lau euskal herritar aske utzi dituzte arratsaldean. Egiluz bera ere Kairon dago.

Egiluzen arabera, atzo arratsaldean Bartzelonatik abiatu zen hegaldi batean iritsitako 30 bat pertsonari ez zieten utzi Egipton sartzen: «Aireportuan atxiki zituzten, telefonoak kendu zizkieten, eta atxilotze gune batean sartu zituzten». Horien artean dago Reem Dandan, Euskal Herriko ordezkaritzako kidea. Kairora joan aurretik honela mintzatu zen: «Lasai ekingo diogu Rafahrainoko bideari, eta ahaleginduko gara Gazara iristen». Bada, ezingo du Gazara iritsi. Deportatua izateko zain dago Kairoko aireportuan, atzo gaueko hamaiketatik, eta familiakoekin hitz egin ahal izateko baino ez diote itzuli telefonoa.

Frantziako aireportuetan hegaldiak hartzera zihoazenei ere galdeketak egin dizkietela kaleratu du Frantziako Blast hedabideak, martxan parte hartu asmo duten iturriak aipatuz. Gainera, Kairoko hoteletan «sarekadak» egin dituztela jakinarazi dute, eta aireportuan atxiki dituzten zenbait ekintzaile «ordu luzez» eduki dituztela janik eta urik gabe.

«Atzo Bartzelonatik heldu zen hegaldi batetik 30 pertsona inguruko talde bat aireportuan atxiki zuten, telefonoak kendu zizkieten, eta atxilotze gune batean sartu zituzten»

MALU EGILUZ Rafahrako martxan parte hartzekoa den euskal herritarra

Egiptoko Atzerri Ministerioak goizaldean kaleratu duen oharraren arabera, atzerriko delegazioek aurretiaz oniritzia lortu behar dute Al-Arishera zein Rafahra joateko. Ministerioak zehaztu duenez, horretarako eskaerak Egiptoren enbaxaden bidez, beste herrialdeek Kairon dituzten enbaxaden bidez edo nazioarteko erakundeen bidez egin behar dira. Ohar hori «pozgarria» dela adierazi du March to Gaza egitasmoak, sare sozialetan; izan ere, azpimarratu du protokolo guztiak bete dituela: «Eskatutako protokolo guztiak bete ditu martxaren antolakuntzak». Gehitu dutenez, azken bi hilabeteetan, martxaren antolatzaileek baimenak koordinatu dituzte hainbat herrialdetako enbaxadekin eta Egiptoko Kanpo Arazoetarako Ministerioarekin. Oraindik Egiptoko agintarien erantzun formalaren zain daudela jakinarazi dute.

Antolatzaileek sare sozialetan zabaldutako mezuetan zera azpimarratu dute, martxa «baketsua» dela, eta ez dutela Gazako muga zeharkatzeko asmorik, ezta soldaduei aurre egitekorik ere. Horregatik, Kairori exijitu diote atxilotutako ekintzaileak aska ditzala, eta baimendu dezala martxa. Egitasmoak Egiptoren interesekin bat egiten duela adierazi dute, Kairok gaitzetsi egin izan baitu Israelek Gazara laguntza humanitarioaren sarbidea blokeatu izana.

Egiptok ekintzaileak Rafahra heltzea eragotziko zuela espero zuen Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek. Atzo ohar batean adierazi zuenez, «manifestari jihadistek arriskuan jarriko dute Egiptoko erregimena». Horregatik, Kairori eskatu zion geldiaraz zitzala manifestariak. Gainera, ekintzaileak Gazan sartzen saiatuko balira, jakinarazi zuen hori eragozteko agindua emana diela Israelgo militarrei.

Martxak aurrera jarraituko duela espero du Egiluzek, baina kezka adierazi du: «Badakigu Egiptoren jarrera zein den». Via Campesina nekazarien aldeko nazioarteko mugimenduko ordezkariekin batzekoa da gaur Kairon, eta eskatu du arreta Gazan jartzeko: «Horretarako etorri gara hona».

«Gazan jarri behar da arreta. Horretarako etorri gara gu hona»

MALU EGILUZRafahrako martxan parte hartzekoa den euskal herritarra

2.500 ekintzaile baino gehiago bildu dira egun hauetan Kairon, Rafahrako martxan parte hartzeko. 50 herrialdetatik baino gehiagotatik iritsi dira. Egiptoko hiriburura joandakoak Tunisiatik irten den beste talde batekin elkartzekoak dira gaur. Handik ere milaka pertsona abiatu dira asteon, Rafahra iristeko asmoz. Egiluzek jakinarazi duenez, konboi horren inguruan jasotako azken berrien arabera, Libia eta Egipto arteko mugan zeuden.

Martxa bihar da abiatzekoa; helburua da Israeli presio egitea, Gazara laguntza humanitarioa sartzea baimendu dezan: «Premiazko erantzun moral bat da hau, Israelgo Gobernuak bi milioi pertsonari baino gehiagori eragindako goseteari, bonbardaketei eta sufrimenduari erantzun beharra baitago», adierazi zuen Dandanek. Ekintzaileak Al-Arish hirira autoz joatekoak dira gaur; handik 48 kilometroko bideari ekingo diote, eta aurreikusten dute bizpahiru egun beharko dituztela Rafahra iristeko. Behin Rafahra iritsita, hiru eguneko kanpaldia egin asmo dute mugan.

Eraso gehiago, janaria banatzeko guneetan

Laguntza humanitarioa jaso zain zeuden beste 24 pertsona hil ditu Israelgo armadak gaur, Gazan. Al-Jazeera hedabideak eman du datu horren berri, zerrendako ospitaleetako iturriak aipatuz. Horien artean, gutxienez hamahiru Netzarim pasabidearen inguruan janaria banatzen duten gune batean hil dituzte. Gainera, beste zenbait eraso egin ditu gaur Israelek Gazan; guztira gutxienez 42 pertsona hil dituzte goizaldetik. Gazako Osasun Ministerioak atzo zabaldu zuen ohar baten arabera, maiatzaren amaieran GHF Gaza Humanitarian Foundation erakundea zerrendan laguntza banatzen hasi zenetik, 220 palestinar baino gehiago hil dituzte janaria banatzen duten guneetan, eta 1.800 baino gehiago zauritu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.