Kataluniako independentistek «garaipentzat» jo dute sententzia

ERCk, JxCk, Generalitateak eta Espainiako Gobernuak Espainiako auzitegiei eskatu diete aplikatu dezatela amnistia legea.

Oriol Junqueras ERCko presidentea, gaur, alderdiaren egoitzan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Oriol Junqueras ERCko presidentea, gaur, alderdiaren egoitzan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Igor Susaeta.
2026ko uztailaren 16a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kataluniako buruzagi independentistek pozik hartu dute EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak amnistia legea ontzat jo izana. Oriol Junqueras ERC Esquerra Republicanako presidenteak eta Carles Puigdemont JxC Junts Per Catalunyaren liderrak nabarmendu dute, nork bere aldetik, sententzia «garaipen handi bat» dela, eta Espainiako auzitegiei eskatu diete amnistia legea aplikatu dezatela. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidentearen esanetan, bestalde, talde komunitarioko justizia instantzia nagusiaren ebazpena «albiste ona» da Kataluniarentzat.

Ebazpenaren berri eduki eta bizpahiru ordura, Puigdemontek artikulu bat kaleratu du X sare sozialean, eta horretan ohartarazpen bat egin die Espainiako auzitegiei: ez badute amnistia aplikatzen, ez lirateke arituko soilik Espainiako Gorteek onartutako lege bat ez betetzen, «zuzenbide europarraren aurka» ere arituko lirateke. Kataluniako Generalitateko presidente ohiak pentsatzen du Kataluniako independentismoa «estatuko botereei» gailendu zaiela Luxenburgoren erabakiaren bidez.

JxCko idazkari nagusi Jordi Turullek agerraldi bat egin du alderdiaren egoitzan, eta adierazi sententziak «osoko zuzenketa bat» egiten diola Espainiako Estatuaren «errepresioari». Turullen esanetan, «irregulartasun asko» daude Espainian, tartean «epaileen desobedientzia». «Baina jada ez dute aitzakiarik amnistia ez aplikatzeko. Auzitegi Konstituzionala ezin da oporretara joan Europak balekoa dela esan duen sententzia bat aplikatu gabe». Uste du Luxenburgok ebatzitakoa «garaipen erabatekoa» dela Kataluniarentzat eta independentistentzat.

Puigdemont erbesteratua dago 2017tik, eta Espainiako Auzitegi Gorenak haren kontrako atxilotze aginduari eusten dio. Bada, agerraldi horretan haren abokatu Gonzalo Boyek parte hartu du, eta adierazi behin Luxenburgok esan duena kontuan hartuta, ez dagoela eztabaidarik ikuspuntu juridikotik. «Oraindik ere amnistia legearen aurka daudenek murru bat izango dute parean: sententzia hau. Ez dago beste ezertarako tarterik; legea Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak esan duen moduan aplikatu behar da orain». Gaineratu du, bide batez, Luxenburgoren sententzia «irmoa» dela.

Junquerasek ere prentsaurreko bat eman du, ERC alderdiaren egoitzan, eta zera gogorarazi: «Lege baten balioa ezin da neurtu onartzen den egunean: aplikatzen den egunean neurtu behar da». Iruditzen zaio sententzia «garrantzitsua» dela, gainera, Espainiako Estatuaren eta Europaren «kalitate demokratikoarentzat». Halaber, gogora ekarri ditu prozesu subiranistaren harira errepresioa nozitu dutenak, eta haientzako amnistia eskatu.

Amnistia aplikatzeko eskatu duTE EH BIlduk eta Eaj-k

Luxenburgoren sententzia eskuan, EAJk eta EH Bilduk eskatu diete Espainiako auzitegiei amnistia legea aplikatzeko. Maribel Vaquero Kongresuko EAJren bozeramaileak esan du agerraldi batean auzitegi horiek «aurrerapauso bat» eman beharko luketela, «Kataluniako normalizazio politikoa» helburu duen legeari bide emateko. Koalizio independentistaren Kongresuko eledun Mertxe Aizpuruak X sare sozialean adierazi duenez, EB Europako Batasunaren Justizia Auzitegiaren ebazpenak «arrazoia» kendu die Espainiako Kongresuak «gehiengo demokratikoz» onartutako lege baten aurka egin dutenei.

Illak (PSC) adierazpen instituzional bat egin du Generalitatearen egoitza nagusian, eta galdera erretoriko bat: «Zer gehiago behar da amnistia legea aplikatu ahal izateko?». Horrekin lotuta, adierazi du Luxenburgoren sententzia «derrigorrez» bete behar dela. Halere, kontuan hartu behar da ez dela loteslea. «Erabakia albiste ona da Espainiarentzat, Kataluniarentzat eta demokraziarentzat».

Auzi «morala»

Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroa antzera mintzatu da. «Jada ez dago dudarik: amnistia legea konstituzionala da, eta Europako zuzenbidearekin bateragarria», azpimarratu du agerraldi batean. Esan du lege hori aurrera eramatea «lorpen kolektibo bat» izan dela, sententziak bidea «garbi» utzi duela onartutakoa aplikatu dadin, eta, hain zuzen, Espainiako auzitegiei eskatu die aplika diezaietela «prozesu independentista hauspotu zuten lider politikoei».

PPrentzat, bestalde, gaur kaleratutako sententzia ez da sartzen amnistia legearen «muinean», eta ez ditu epaitzen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak «zazpi botoren truke amnistiatu zituen ekintza ezin larriagoak». Hori adierazi du alderdiaren idazkari nagusi Miguel Telladok, Luxenburgok hartutako erabakia baloratzeko grabatu duen bideo batean. Ebazpena «guztiz» errespetatzen du. Dena den, iruditzen zaio auzia «morala» ere badela. «Galdera garrantzitsuena da ea presidente batek negoziatu ditzakeen pribilegio penalak, inbestitua izateko behar zituen botoen truke».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA