Thailandiak eta Kanbodiak su etena adostu dute berriz ere

Abenduaren 7tik elkarri eraso egiten aritu dira, uztailaren amaieran sinatutako menia hautsita. Ehun pertsona baino gehiago hil dira azken hogei egunetan.

Kanbodiako Defentsa ministro Tea Seiha eta Thailandiako haren homologo Natthaphon Nakrphanit akordioa aurkezten, gaur. EFE
Kanbodiako Defentsa ministro Tea Seiha eta Thailandiako haren homologo Natthaphon Nakrphanit akordioa aurkezten, gaur. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko abenduaren 27a
16:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Thailandiak eta Kanbodiak adostu dute erasoak etetea berriz ere. Uztailaren amaieran sinatutako menia hautsi egin zuten abenduaren 7an, eta bi herrialdeen arteko mugan erasoak egin dituzte. Azken hogei egunetan gutxienez 101 lagun hil dira gatazka horretan, eta 700.000 herritar inguruk ihes egin dute etxetik. Gaur, Thailandiako eta Kanbodiako Defentsa ministroek beste menia akordio bat sinatu dute, baita ohar bateratu bat kaleratu ere.

Ohar horren arabera, herritarren aurkako eraso guztiak etengo dituzte mugaren bi aldeetan, baita azpiegitura eta helburu militarren aurkakoak ere. Gainera, bi herrialdeek hitzeman dute ez dituztela soldadu gehiago bidaliko mugako eskualdeetara, eta desplazatuei modua emango dietela etxera itzultzeko.

Lurraldetasun auziengatik piztuak dira Asia hego-ekialdeko bi estatu horien arteko liskarrak, eta adostu dute auzi horiek «mekanismo bilateralen» bitartez konpontzea. ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoa arduratuko da bi aldeek menia betetzen ote duten gainbegiratzeaz.

Abenduaren 7an urratu zuten aurrez onartutako su etena. Egun hartan, bi herrialdeetako armadek berriro hasi ziren elkarri eraso egiten. Elkarri egotzi zioten erasoak abiatu izana. Bost egunen buruan, Donald Trump AEBetako presidenteak esan zuen bi aldeek su etena berretsi zutela, eta erasoak geldituko zituztela. Ez zen, ordea, halakorik gertatu, eta bonbardaketak egiten jarraitu dute mugaren bi aldeetan —bi herrialdeen arteko mugak 820 kilometro inguru ditu—. Trumpek bere lorpentzat dauka uztailean sinatutako menia akordioa, eta erakutsi nahian aritu da oraindik ere indarrean zegoela.

Aurreko akordioak

Uztailean Thailandiako bost soldaduk pertsonen aurkako minak zapaldu zituzten bi herrialdeen arteko mugako eremuan, eta horrek abiarazi zuen bost egun iraun zuen erasoaldia. 48 pertsona hil ziren. Malaysiak su etena lortzeko negoziazioei ekin zien, eta Trumpek bi herrialdeei mehatxu egin zien muga zergak handituko zizkiela. Uztailaren 28an onartu zuten menia. Gero, urriaren amaieran, bake akordio bat sinatu zuten Kuala Lumpurren, ASEANek bi urtez behin egin ohi duen goi bileraren harira. Orduko hartan ere, Trump bitartekari izan zuten.

Kanbodiaren eta Thailandiaren arteko gatazkak XX. mendearen hasieran du jatorria, Kanbodia Frantziaren kolonia bat zen garaian —Indotxinaren parte zen herrialde hori—. Parisek mapa bat egin zuen 1907an, baina Thailandiak eta Kanbodiak ez dute berdin interpretatzen. Nazioarteko Justizia Auzitegiaren 1962ko ebazpen batek Kanbodiari eman zion gatazka iturri diren lurraldeen burujabetza; eta mende erdi geroago, 2013an, berretsi egin zuen epai hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.