Tiktok sare sozialak mendekotasuna sortzen duela ondorioztatu du Europako Batzordeak abian duen ikerketa batek. Gaur kaleratutako ohar baten arabera, ikerketaren behin-behineko emaitzek ondorioztatu dute Tiktokek Europako Zerbitzu Digitalen Legea urratzen duela, «diseinu adiktiboa» duelako. Hortaz, Bruselak aldaketak egiteko exijitu dio sare sozialari; hala egin ezean, zigorrak ezarri ahal izango dizkio.
Behin Tiktoken sartuta aukera dago etengabe bideoak ikusteko. Pantailan hatzarekin behera egin eta bideo berri bat agertuko da, jarraian beste bat, beste bat... Norberak erabaki behar du noiz itxi aplikazioa; gainontzean, ez du etenik. Bruselaren ustez, Txinako enpresak ez ditu kontuan hartu scroll infinitu horrek erabiltzaileen osasun fisikoan eta mentalean eragin ditzakeen kalteak; eta batez ere adingabeen eta heldu zaurgarrien artean izan ditzakeen ondorioak nabarmendu ditu Europako Batzordeak.
Halere, Batzordeak gaineratu du ondorio horiek behin-behinekoak direla, eta orain sare sozialaren enpresa kudeatzaileak bere iritzia emateko aukera izango duela. Behin erantzuna jaso ostean Bruselak ez badu iritziz aldatzen, Tiktoki zigor ekonomikoak jarri ahal izango dizkio.
2024ko otsailean abiarazi zuen Bruselak Tiktoken aurkako auzi hori, Zerbitzu Digitalen Legea urratzen duelakoan. Urte bereko apirilean beste prozedura bat zabaldu zuen, Tiktokek erabilera saritzeko puntuazio programa bat martxan jarri zuelako. Azkenean, ordea, sare sozialak atzera egin zuen, eta programa hori bertan behera utzi. Hala, Bruselak artxibatu egin zuen auzi hori.
Sare sozialen erabileraren argi-itzalak bistaratzen ari diren garai honetan etorri da ikerketa hau. Izan ere, azken asteetan Frantziako Asanbleak eta Espainiako Gobernuak zenbait neurri hartu dituzte sare sozialen erabilera mugatzeko. Asanbleak 15 urtetik beherakoei sare sozialak debekatzeko lege proiektu bat aurkeztu zuen urtarrilaren amaieran. Eta asteon, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarri du 16 urtetik beherakoei sare sozialak erabiltzea debekatuko dietela.