Trumpen ultimatumaren ondorioz, presio guztia Hamasen bizkar

AEBetako presidenteak hiruzpalau eguneko epea eman dio talde islamistari Gazarako egindako planteamenduari erantzuteko. Nazioarteak, tartean herrialde musulmanak eta Palestinako Estatua aitortu dutenak, txalotu egin du Etxe Zuriaren planteamendua.

Donald Trump AEBetako presidentea kazetarien aurrean, Etxe Zuriaren atarian, gaur. JIM LO SCALZO / EFE
Donald Trump AEBetako presidentea kazetarien aurrean, Etxe Zuriaren atarian, gaur. JIM LO SCALZO / EFE
Igor Susaeta.
2025eko irailaren 30a
09:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazioarteak, oro har, begi onez hartu du Donald Trump AEBetako presidenteak Gazarako planteatutako plana; baita herrialde musulmanek eta PAN Palestinako Aginte Nazionalak berak ere. Gatazkako parte nagusietako batek, Israelek, ados dagoela esan du; egitasmoaren egileek ez diote iritzia eskatu ere egin, ordea, beste parte nagusiari, Hamasi, baina orain, Etxe Zuriko maizterrak proposamen gisa egindako ultimatumaren ondorioz, presio guztia talde islamistaren bizkar utzi dute. Trumpek hiruzpalau eguneko epea eman dio Hamasi plana eztabaidatzeko eta erantzunen bat emateko. Talde islamistako iturriek Efe agentziari jakinarazi diotenez, «egun batzuk» iraungo dute proposamenaren gaineko eztabaidek.

Planak proposatzen du, finean, Hamasek 72 orduko epean aske utz ditzala bahitu guztiak —48 dira gatibuak—; horrekin batera, talde islamistak amore eman behar luke, eta, nolabait, trukean, Israelek azkeneko bi urteetako erasoaldi etengabea indargabetuko luke, eta tropak aterako lituzke zerrendatik. Hau da, laburbilduz, eskatzen diote uko egin diezaiola negoziatzeko duen aukera bakarrari.

Hori, hasteko. Eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin atzo Washingtonen egindako bileraren ondoren, Trumpek argi utzi zuen, ohartarazpen gisa: Hamasek ez badu plana onartzen, Israelek zilegitasuna edukiko du Gazako sarraskiari segida emateko. 66.000 lagun inguru hil ditu 2023ko urriaren 7tik.

AEBek Israelen eta Ekialde Hurbileko eta handik haragoko herrialde musulmanen oniritziarekin osatu dute plana —hogei puntu ditu—. Orain arte, azkeneko ia bi urteotan, Gazarako proposamenak Egiptoren, Qatarren eta AEBen artean eztabaidatu dituzte, Israelen beraren eta Hamasen parte hartzearekin.

Oraingoan, ordea, ez da hala izan. Egiptok eta Qatarrek, hori bai, talde islamistari eman diote plana —Etxe Zuriak atzo arratsaldean kaleratu zuen—, eta Hamas hura «modu objektiboan eta positiboan» aztertzen ari da. Hori esan dute Egiptoko Al Qahera News telebista katean, Egiptoko zerbitzu sekretuetako iturriak aipatuz. Bi herrialdeetako eta Hamaseko ordezkariak Qatarren elkartzekoak dira gaur proposamena eztabaidatzeko, eta Turkiak ere parte hartuko du bileretako batean, Qatarko Atzerri Ministerioko bozeramaileak jakinarazi duenez, Turkia «AEBen ekinaldiaren parte» baita.

Reuters berri agentziak talde islamistako iturriak aipatuz kaleratu duenez, Israelen alde «lerratutako» plana proposatzea egotzi die Hamasek AEBei, eta adierazi du «ezinezko baldintzak» jaso dituztela proposamenean. Palestinako beste iturri ofizial batek honako hau esan dio agentzia berari: «Trumpek Israelen baldintza guztiak proposatu ditu, eta baldintza horiek ez dute palestinarren eta gazatarren eskubiderik bermatzen».

Eta kontuan hartu behar da Hamaseko ordezkari batek Reutersi atzo ohar bidez jakinarazitakoa: ez dutela onartuko Trumpek Gazarako planteatzen duen «trantsizioko» agintaritzan Palestinako fakziorik ez egotea. Fakzio horietako bat Jihad Islamikoa da, eta milizia horren buru Ziyad al Nakhalahk atzo Telegramen esan zuen ez dutela onartuko «AEBek eta Israelek egindako ituna»; izan ere, haren esanetan, palestinarren aurkako erasoaldiari segida emateko «formula bat» da hori. Trumpek proposatutako planean ez dago jasota ez bermerik, ez eperik, Hamasi bahituak askatzeko emandako 72 orduetatik harago.

Netanyahuren ohartarazpena

PANek eskerrak eman dizkio Trumpi, «bakea eta egonkortasuna» lortzearren «ahalegin zintzo bat» egiteagatik. Hori nabarmendu du, ohar batean. PANek agintzen du Israelek Zisjordanian okupatuta ez dauzkan eremuetan, eta, Etxe Zuriko maizterraren egitasmoaren arabera, behin trantsizio epea igarota Gazan ere gobernatzeko modua edukiko luke. Horretarako, baina, bere burua itxuraldatu beharko luke; hori dio planak, eta, Netanyahuk ere atzo azpimarratu zuenez, PANek erabat aldatu beharko luke agintean egoteko.

Planaren testuak ez du jasotzen Palestinak etorkizunean estatu bat edukiko duenik, nahiz eta, modu lausoan bada ere, horretarako ate bat irekitzen duen. Netanyahuk, edonola ere, garbi utzi du Israelek horri uko egingo diola. Hori nabarmendu du goizaldean kaleratu duen bideo batean. «Mundu guztia, baita mundu arabiarra eta islamiarra ere, presio egiten ari zaio Hamasi, Trump presidentearekin adostutako baldintzak onar ditzan: bahitu guztiak askatzea eta Israelgo armadak [Gazako] lurralde gehienari eustea», erantsi du.

Bitartean, Palestinako Estatua aitortu duten herrialde batzuetako liderrek —NBE Nazio Batuen Erakundeko herrialdeen %80 inguruk aitortzen dute— txalotu egin dute Trumpek hauspotutako plana, besteak beste Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Pedro Sanchez Espainiakoak. Alderdi Laboristaren konferentzia batean, «alde guztiek» bat egin behar dutela nabarmendu du Starmerrek: «Bi estaturen konponbidearen esperantza berpiztu behar dugu: Israel seguru bat, aspaldi promestutako Palestinako Estatuaren ondoan».

Alemaniak Palestinako Estatua aitortu ez arren, Merz kantzilerrak esan du «gerra amaitzeko aukerarik onena» dela Washingtonen planteamendua, eta Hamasi dagokiola orain hura onartzea. Bestalde, Errusiak ere begi onez ikusi ditu «tragedia saihesteko Trumpen ahaleginak»; halaxe adierazi du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan.

Bien bitartean, Israelgo armadaren erasoaldiek ez dute etenik zerrendan. Al-Jazeera hedabideak hango osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez, gutxienez 45 palestinar hil dituzte erasoetan, horien erdiak inguru tiroz, laguntza humanitarioa jasotzeko itxaroten ari zirela.

NBE PREST LEGOKE GAZAN LAGUNTZA HUMANITARIOA BANATZEKO

Hamasek eta Israelek AEBek ondutako plana onartuko balute, NBE Nazio Batuen Erakundea prest legoke Gazan laguntza humanitarioa banatzeko; izan ere, hala dago jasota Donald Trump AEBetako presidenteak herenegun zabaldutako dokumentuan. Hori jakinarazi du gaur NBEko Laguntza Humanitariorako Bulegoko bozeramaile Jens Laerkek, prentsaurreko batean; are, nabarmendu du NBEko organoek prest dituztela zerrendan sartuko lituzketen laguntza sortak. Horrekin lotuta, esan du UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak izan beharko lukeela laguntza banatzeko ardura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.