«Jakin behar da barkamena eskatzen, eta jakin behar da barkamena hartzen». Izan zitezkeen elizkizun batean entzundako hitzak, baina Venezuelako jarduneko presidente Delcy Rodriguezek esandakoak dira, bi astez blokeatuta egon den Amnistia Legea promulgatu ondoren. Azkenean, Venezuelako Parlamentuak aho batez onartu du neurria, bart —Euskal Herrian 03:00 inguru zirenean—, eta barne hartuko ditu 1999tik aurtengo urtarrilaren 30era arte egindako «delitu politikoak eta gisakoak».
Onartu berri duten legea herrialdeak bizi behar lukeen «etapa politiko berri baten adierazle eta aurrekari» izan daiteke, Venezuelako Parlamentuko presidente Jorge Rodriguezen arabera. Oposizioak eta GKE gobernuz kanpoko erakunde batzuek, ordea, uste dute Amnistia Legeak «egoera eta preso gehiegi» uzten dituela kanpo, eta argudiatu dute, funtsean, neurriak 2002tik 2025era izandako hamahiru «gertakari historikotan eta krisi politikotan» preso hartutakoak bakarrik hartzen dituela aintzat. Gertakari horietako batzuk dira, adibidez, 2002an Hugo Chavez presidente ohiaren aurka emandako estatu kolpe saiakera, eta 2013ko, 2017ko eta 2024ko gobernuaren aurkako protestak.
Beste zenbait deliturengatik espetxeratutakoek ezingo dute Amnistia Legea baliatu: besteak beste, «matxinada delitua» egotzita preso dauden militarrek, eta «gorroto delituagatik» kartzelan daudenek. Horren harira, oposizioko zenbait kidek salatu dute neurria ez dela «nahikoa» eta «chavismoaren aldekoa» dela, eta kanpo uzten dituela hainbat eta hainbat «preso politiko».
Oposizioko kideen haserrea eragin du, halaber, Amnistia Legeko 7. artikuluak; are, artikulu horren inguruko desadostasunen ondorioz geratu zen neurria onartzeke joan den astean. Artikulu horren arabera, aske utzitako auzipetuek eta zigortuek epailearen aurrean aurkeztu beharko lukete barkamena hartzeko. Venezuelako jarduneko Gobernuak argudiatu du presente egon behar dutela dagokien auzibidean, konstituzioak hala agintzen duelako; oposizioak salatu du, ordea, neurri hori auzipetuak «seinalatzeko» modu bat dela.
Neurria betetzen dela bermatzeko eta hark aurrera egiteko beharrezkoak diren tresnak abian jartzeko, 23 diputatuk —oposiziokoak eta gobernukoak— osatutako batzorde bat eratuko dute.

Venezuelako jarduneko gobernuak urtarrilaren 31n aurkeztu zuen lege proposamena. Rodriguezek orduan adierazi zuenez, neurriaren helburua da konfrontazio politikoak zabaldutako zauriak «konpontzea», baita Venezuelako herritarren arteko bizikidetza sustatzea ere, «indarkeriatik eta estremismo politikotik» aldenduta.
Bi hilabete beteko dira datorren martxoaren 3an AEB Ameriketako Estatu Batuek Venezuelari eraso egin eta Nicolas Maduro presidentea preso hartu zutenetik. Rodriguezek hartu zuen haren lekukoa, behin-behinean, eta urtarrilaren 8tik zenbait preso askatu ditu gobernuak; hots, Venezuelako Zigor Foroa GKEaren arabera, gutxienez 431. Venezuelako Gobernuaren arabera, berriz, dagoeneko 800 preso askatu dituzte.
Aplikatzen hasi dira
Apenas pasatu diren sei ordu Venezuelako Parlamentuak Amnistia Legea onartu duenetik, baina dagoeneko aske geratu dira zenbait preso. Horien artean, oposizioko buru eta iazko Bakearen Nobel Saridun Maria Corina Machadoren kide Juan Pablo Guanipa. Hark eman du albistea, X sare sozialaren bidez: «Jakinarazi nahi dut aske naizela». Halere, gogor kritikatu du neurria: «Parlamentuan onartutako legea ez da amnistia bat, Venezuelako herritar errugabe ugariri mehatxu egiteko sortutako dokumentu bat baizik».
Guanipa duela bi aste atera zen kartzelatik, baina handik ordu gutxira atxilotu zuten berriz, eta etxeko atxiloaldia ezarri zioten. Barne ministro Diosdado Cabelloren arabera, Guanipak «gobernuaren aurkako manifestazio batean» parte hartu zuen, eta leporatu zion «indarkeria sustatzea» eta «show bat egitea».