Hostopilak otarrainxkaz beteta

JON URBE / FOKU.
Iker Markinez.
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
OSAGAIAK4 LAGUNENTZAT

Hostopil xafla bat.
Dozena bat otarrainxka.
300g leka.
Bexamela egiteko:
Esnea, gurina, irina, gatza.
Oliba olioa.

1. Hostopil xafla zilindrotan moztu, edalontzi baten laguntzaz. Labeko erretilu batean jarri. Labea berotzen jarri, 180 gradutan. Beroa dagoenean, erretilua sartu, eta 20 minutuz mantendu. Horrela, hazi edo puztu egingo dira hostopil zilindroak.
2. Otarrainxkak zuritu, eta burua kendu. Azal eta buruekin salda egingo dugu. Lapiko batean, jarri urez estalita berotzen, gatz pittin batekin. Egosi hamar minutu inguruz. Iragazi eta salda gorde
3. Bexamela egiteko, gurina lapiko batean jarri, eta berotu urtu arte. Orduan, irina nahastu, eta etengabe irabiatuz, esnea (epela bada hobe) pixkanaka-pixkanaka gehituz joan. Otarrainxka salda pixka bat ere gehitu, esneaz gain. Lodieraren arabera, salda edo esne gehixeago bota. Gatz pixka bat bota, eta bost minutuz irakin, nahasteari utzi gabe. Hozten utzi eta gorde. Krema lodi xamarra gelditzea da gure nahia errezeta honetarako.
4. Otarrainxkak puskatan moztu, eta zartagin batean su bizian erregosi, minutu pare batez. Ondoren, bexamel kremara gehitu.
5. Lekak ere egosi, beste lapiko batean, ur eta gatz pixka batekin. 10 bat minutuz egosi ondoren, ur hotzetik pasatu, testura eta kolorea mantentzeko.
6. Labetik atera hostopil zilindroak, erditik moztu, eta tartean otarrainxka krema sartu. Azkenik, hostopila taparekin estali. Platerean jartzerakoan, lekak jarri azpian, eta gainean, hostopila jarri. Nahi izanez gero, bexamel pixka bat gehiagorekin estali guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.