Entsalada errusiar freskoa

Entsalada errusiarra, platerean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Markinez.
2026ko ekainaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iker Markinezek entsalada errusiarra prestatu du aste honetako errezetan.

Arabako patatak, 4

Azenarioak, 2

Arrautzak, 4

Piper gorria, 150 g

Hezurrik gabeko olibak, poto bat

Lekak, 100 g

Hegaluzea, 250 g

Maionesa
Testuingurua

Nahiz eta errusiarra deitu, nik uste dut oso gurea dugula gaurko entsalada. Entsalada hau egiteko, osagai asko erabil ditzakegu; beraz, hemen aipatutakoez gain, animatu eta erabili zuen gustukoak diren beste batzuk ere: ilarrak, zainzuriak, kalabazin egosia...

1. urratsa

Entsalada errusiar goxoa egiteko, garrantzitsua da osagai bakoitza ondo egostea, bakoitza bere puntuan. Horretarako, lapiko batean patatak eta azenarioak egosten jarri, eta beste lapiko batean arrautzak egosi, gatz pitin batekin. Azenarioak eta patatak egosteko, hogei bat minutu igarotakoan labana batekin zatitu eta ikusi ea azenarioak bigunduta dauden. Hala bada, atera azenarioak, eta utzi patatak pixka bat gehiago egosten, beste hogei bat minutu. Berriz ere labana batekin patatak zulatu eta egosita ote dauden begiratu. Garrantzitsua da bi osagai nagusi horiek ondo egosita egotea. Ondoren, gorde.

2. urratsa

Arrautzak egosteko, normalean nahikoa izaten da ur irakinetan hamar minutu edukitzea. Egositakoan, gorde.

3. urratsa

Lekak egosteko, lehenik eta behin ondo garbitu, eta tako txikietan moztu. Lapiko batean ura jarri, eta, irakiten hastean, leka zatiak bota. 15-20 minutu egosi. Behin egositakoan, ur hotzetatik pasatu, freskatzeko, eta sobran gelditu den ura kendu. Ondoren, gorde.

4. urratsa

Patatak eta azenarioak zuritu, eta bi osagai horiek lauki txikietan moztu; saiatu puskak neurri berekoak izan daitezen. Arrautzak zuritu, eta horiek ere karratuetan moztu. Guztia ontzi borobil handi samar batean jarri.

5. urratsa

Piper gorria erditik moztu, eta hazitxoak ondo kendu. Ondoren, zati txikietan moztu. Hezurrik gabeko olibak ere zatitxoetan moztu, eta ontzira bota, hegaluzearekin batera. Dena ondo nahastu, eta gatz pitin bat bota. Pixka bat probatu, eta, gatz pixka bat gehiago behar badu, bota. Maionesa bota, baina osagai horrekin kontuz ibiltzea komeni da. Hasieran, hiruzpalau koilarakada bota, guztia ondo nahastu, eta, gehixeago behar bada, orduan gehitu. Norberaren gustuen araberakoa izango da neurria. Niri neuri ez zait oso bustia gustatzen; nahiago dut osagai guztien testura eta zaporea nabarmentzea.

6. urratsa

Zerbitzatzeko garaian, imajinazioari bere lana egiten utzi. Garrantzitsua da bakoitzak bere ukitua ematea. Guk pastelgintzako mahuka batean maionesa pixka bat sartu, eta horrekin dekoratu dugu platera. Ez ahaztu, hala ere, prestatu bezain pronto film gardenarekin estali eta hozkailuan sartu behar dela. Egun sargori hauetan asko eskertuko dugu halako plater freskoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE