Iker Markinezek txitxirioak eta Naiarako piper gorri erreak oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.
Txitxirio egosiak, 300 g Naiarako piper gorri erreak, hiru Tipula bat Entsaladako tomate bat Ahuakate bat Baratxuri ale bat Limoi erdiaren zukua Kumino bat Oliba olioa Gatza Ozpina
Udazkenarekin batera, ate joka dago Nafarroako piperren altxorra. Gaurko errezetarako, Naiarako piper barietatea erabiliko da. Pikilloarekin alderatuta, tamainaz hiru aldiz handiagoa da, eta gorputz aldetik mardulagoa da.
Txitxirioak egosteko, bezperatik uretan gau osoan beratu. Hurrengo egunean ura kendu, eta lapiko batean ur berria jarri gatz pittin batekin. Garrantzitsua da ura irakiten hasi artean garbantzuak ez gehitzea. Beraz, ura irakitean txitxirioak gehitu, eta bertan egosi su ertainean ordu eta erdiz. Presio eltzean eginez gero, ordu erdi inguru nahikoa izango da. Ondoren, atera, eta hozten utzi edo hurrengo egunera arte gorde.
Hummusa prestatzeko, lehenik Naiarako piper erreak zuritu eta haziak ongi kendu. Ondoren, irabiagailuaren ontzian jarri, osorik edo puskatan. Baratxuri alea gehitu, zurituta, eta limoiaren zukua. Oliba olio txorrotada bat gehitu, eta txitxirio egosien bi kazokada, saldarik gabe. Kumino koilarakada txiki bat ere erantsi behar da. Dena ondo irabiatuta, hummus goxoa aterako da, piper ukituarekin.
Tipula zuritu, eta ahuakatea eta tomatea ere lauki txikietan moztu. Ontzi batean jarri, eta gatza, ozpina eta oliba olio txorrotada bat gehitu. Jarraian, ongi nahastu. Azkenik, txitxirioak gehitu, eta ongi nahastu berriro.
Platereratzeko garaian, erdian entsalada zabaldu, eta alboan bizpahiru koilarakada hummus jarri. Detaile moduan, nahi izanez gero, aurretik erreak zeuden Naiarako piperren tiratxo bat gorde, eta hura ere plateraren alboan jarri.
Piper hummusa beste hainbat plateretan ere erabil daiteke: patata egosi entsalada batean edo barazki panatxe batean, adibidez.




