Tomate entsalada txitxirioekin eta ahuakatearekin

Tomatea, txitxirioak eta aguakatea, platerean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Markinez.
2026ko irailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iker Markinezek tomatea eta txitxirioak oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.

Tomateak, bi handi

Txitxirio egosiak, 300 g

Ahuakateak, bi

Tipula bat

Piper gorri bat

Piper berde bat

Limoi baten zukua

Oliba olioa

Gatza

Ozpina
Testuingurua

Euskal Herrian lekaleak jateko tradizio handia dago, baina, batzuetan, udako beroagatik batik bat, astuna egiten da lekaleak betiko moduan jatea. Gaur, beraz, lekaleak modu freskoan prestatuko ditugu, entsaladan, eta, horrela, egun beroetarako plater osasuntsu eta gustagarri bat izango dugu eskura.

1. urratsa

Txitxirioak egosteko, bezperan eduki uretan gau osoan. Biharamunean, kendu ura, eta jarri ur berria lapiko batean, gatz pitin batekin. Garrantzitsua da ura irakiten hasi arte txitxirioak ez botatzea. Beraz, ura irakiten hastean txitxirio horiek lapikora bota, eta egosi, su ertainean, berrogei bat minutuz. Ondoren, kendu egosteko erabilitako ura txitxirioei, hoztu eta gorde. Baina adi! Lapikotik kendutako ura gorde egin daiteke, beste egun batean salda goxoa egiteko, edo arroza egitean salda gisa aprobetxatzeko, adibidez. Hurrengo egunetakoren batean erabiltzekoa ez bada, izozkailuan ere gorde daiteke, beste egun batean atera eta baliatzeko.

2. urratsa

Garbitu piperrak eta moztu lauki txikietan. Jarri ontzi batean. Zuritu tipula, eta, behin lauki txikietan moztuta, bota piperren ontzira. Zuritu entsaladarako tomateak, ukitu berezi bat lortzeko. Pazientzia pixka bat behar da. Moztu tomateak erditik, horizontalean; lau tomate erdi guztira. Gero, jarri hazitxoak eta mamia plater sakon batean, eta tomate erdiak hutsik geldituko dira. Iragazi tomate haziak eta mamia, eta bota zuku hori barazkiak dauden ontzira.

3. urratsa

Bota limoi baten zukua ontzi horretara, eta gehitu gatz pitin bat eta oliba-olio txorrotada bat. Ondo nahastu guztia, eta bota txitxirioak ontzira; egosita egongo dira ordurako.

4. urratsa

Ahuakateak erditik moztu, zuritu eta hezurra kendu. Gero, moztu xaflatan ahuakate erdi bakoitza.

5. urratsa

Hartu plater bat, jarri hartan tomate erdiak banaka, gero ahuakate xaflak tomatearen bueltan, eta, koilara bat erabiliz, bete hutsik dauden tomateak txitxirio entsaladarekin.

6. urratsa

Azkenik, bota oliba-olio txorrotadatxo bat, eta dena prest egongo da jateko. Nahi izanez gero, hozkailuan gorde daiteke, hotz jateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA