Iker Markinezek oilaskoa, brokolia eta currya oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.
Oilasko bularrak, 2 Brokoli bat Tipulinak, 2 Baratxuri aleak, 4 Currya, lau koilarakada Oliba olioa Gatza Piperrauts beltza
Errezeta hau oso aproposa izan daiteke currya lehen aldiz erabiltzeko. Izan ere, oso atsegina gelditzen da oilaskoarekin, eta baita barazkiekin ere. Hasieran, beti komeni izaten da curry gehiegi ez erabiltzea, espezie horren zaporera eta usainera ohituz joateko. Beraz, errezeta hau eredu hartuta, animatzen zaituztet currya erabiltzera, baita pastarekin zein arrozarekin egindako beste hainbat errezetatan ere.
Gaurko errezeta bi egunetan banatuko dugu. Aurreneko egunean, oilasko bularra prestatzen hasiko gara. Lehenik eta behin, oilasko bularrak karratuetan moztu, eta ontzi batean jarri. Bertara gatz pixka bat bota, eta baita piperrauts beltz pitin bat eta lau koilarakada curry ere. Oliba-olio txorrotada bat gehitu, eta, eskuen laguntzarekin, hiruzpalau minutuan ondo nahastu dena, currya eta osagai guztiak ondo bat eginda gera daitezen. Ontzia film plastikoarekin estali, eta hozkailuan gorde gau osoan, hurrengo egunera arte.
Bigarren egunean, brokolia prestatuko dugu. Kontu handiz puskatan banatu brokolia, adaxka zatiak mantenduta. Saiatu tamaina bereko zatiak lortzen.
Lapiko bat urez bete, gatz pitin bat bota, eta, irakiten hastean, brokolia gehitu. Gutxi gorabehera, hamar bat minutuan egosi, eta puska txiki bat probatu. Nahikoa egosi bada, ur hotzetatik pasatu, egosteko prozesu hori segituan eteteko. Horrela, brokoliaren propietateak hobeto mantenduko dira. Denbora gehiegi egosiz gero, brokolia erabat bigunduta geldituko litzateke.
Bitartean, zartagin zabal batean bi tipulinak xehatuta jarri, eta oliba olio eta gatz pixka batekin erregosi. Hamabost bat minutu igaro ondoren, baratxuri aleak bertara bota, xehatuta. Barazkiak goxatuta daudenean, egosita dauden brokoli zatiak bota bertara. Taparekin estali, eta hiru bat minutuan osagai guztiak ondo berotu; ondoren, dena sutatik atera, eta gorde.
Bitartean, oilasko bularrak frijitu. Komeni da errezeta egiten hasi aurretik hozkailutik ateratzea, hiru bat ordu lehenago. Zartagin batera oliba-olio txorrotada bat bota, eta, ondo berotuta dagoenean, oilasko bularraren zatiak gehitu. Ahalik eta su bizienean frijitu, egosi ez daitezen. Momentu horretan, curryaren usainaren magia nabarituko duzue gehien. Beroarekin, usaina areagotu egiten da. Ondoren, atera.
Platereratzeko, oilasko bularraren zatiak erdian jarri, eta barazkiak aldamenean kokatu. Azkenik, oliba-olio txorrotada fin bat bota gainetik.




