Iker Markinezek muskuiluak oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.
Muskuiluak, kilo bat Patata berriak, 2 Kuia txiki bat Baratxuriak, bi ale Perrexila, sortatxo bat Ardo zuria, baso erdi bat Gatza Oliba olioa Piperrauts gorria
Gaurkoan, muskuilu bereziak erabiliko ditugu. Nahiz eta bretainakoak esaten zaien, jakin Landetatik hasi eta Normandiarainokoa dela muskuilu horien jatorria. Jateko mamitsuak dira, eta, nire ustez, tamaina dute berezitasunik handiena; oso finak gelditzen dira edozein modutan prestatuta ere.
Lehenik eta behin, patatak zuritu eta xaflatan moztu. Ondoren, xafla horiek karratu ahalik eta txikienetan moztu. Kuia ere forma eta tamaina bereko karratuetan moztu. Lapiko batean jarri patata zatiak; urez estali, eta egosten jarri, hamar bat minutuz. Ondoren, sua itzali eta gorde.
Zartagin bat sutan jarri. Berotuta dagoenean, kuia zatiak bertara bota, eta oliba olio txorrotada bat ere bai. Erregosi azkar-azkar, gutxi gorabehera lau bat minutuz. Gatz pitin bat bota. Ondoren, gorde.
Baratxuriak zuritu, eta puska txikietan moztu.
Muskuiluak nahiko garbi etortzen dira normalean. Hala ere, pasatu uretatik eta kendu ondo bizartxoak, halakorik baldin badute. Ondoren, beste lapiko handi batean jarri baratxuri aleak. Oliba olio txorrotada bat bota, eta sutan jarri, su ertainean. Baratxuri aletxoak dantzan hastean, muskuiluak bota, ardo txuria ere bai, baso erdi bat, eta perrexila, osorik. Tapaz estali, eta adi, oso garrantzitsua: nahikoa izango da minutu bakar batean egostea. Muskuilu guztiak ireki arte ez itzali surik, baina oso tarte txikia izango da. Ondoren, muskuilu guztiak ontzi batera atera.
Epeltzen direnean, banan-banan hutsik dagoen oskolaren aldea kendu, eta oskol bakarra utzi, muskuiluaren haragia daukana. Oskol beteak labeko erretilu batean jarri, banan-banan, errenkadan. Labeko erretilua beteta dagoenean, aurretik erregositako kuia zati txikiak koilara baten laguntzarekin muskuiluen gainean jarri. Gauza berbera egin patata egosiekin.
Labea berotzen jarri, 150 graduan, eta, berotuta dagoenean, sartu muskuiluen erretilua. Hiru bat minutu igarota, atera, eta piperrauts gorria bota muskuiluen gainean. Piperrauts gorria gozoa edo mina izan daiteke, norberaren gustuaren arabera.
Bukatzeko, muskuiluak platerean jarri ondoren, oliba olio txorrotada bat bota gainetik.




