Piper errea txipiroi beteekin

BERRIA.
Iker Markinez.
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
OSAGAIAK
4 LAGUNENTZAT

4 piper morro .
Kilo bat txipiroi fresko.
3 tipula.
3 baratxuri.
Oliba olioa.
Gatza.
Kopa bat txakolin.

1. Jarri lau pipermorroak labeko erretilu batean, eta dauden moduan sartu labean. Eduki labean hogei bat minutuan, 220 graduan.

2. Txipiroiak garbitu. Bereizi txipiroiaren hegalak eta garroak. Sartu hegalak eta hankak txipiroiaren gorputzaren barnean. Txotx batekin lagunduz, itxi txipiroiak, barruko hegalak eta garroak ez daitezen atera.

3. Tipulak zuritu, eta juliana eran moztu, fin-fin. Erregosten jarri, gatz pittin batekin, lapiko batean. Eduki hamar minutuan, su bizi samarrean. Kolore pixka bat hartuko dute horrela. Nahastu tarteka.

4. Moztu baratxuriak puska txikietan, eta gehitu lapikora. Jarraian, baita txipiroiak ere. Nahastu osagai guztiak eta elkarrekin erregosi bost minutuan, su bizian.

5. Gehitu txakolina eta lapikoa sutan eduki beste bost minutuz, txakolinaren alkohol soberakina lurrundu dadin. Gero, estali guztia urarekin eta irakiten eduki 35 bat minutuz, taparik gabe, txipiroiak egin daitezen, eta saltsa guztia goxa dadin.

6. Bitartean, zuritu pipermorroak, kendu txortena eta haziak, eta moztu tira zabaletan. Jarri zartagin batean, eta berotu, hiru edo lau minutuan. Gehitu gatz pitin bat.

7. Platereratzeko, jarri pipermorroak plateraren erdian. Kendu txotxa txipiroi beteei, eta jarri piperren gainean. Azkenik, tipula goxatua zabaldu gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.