Barazki budina

IKER MARKINEZ.
Iker Markinez.
2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun

OSAGAIAK
4 LAGUNENTZAT


300 gramo leka.
Bi kuiatxo.
Bi azenario.
Tipula bat.
200 gramo ziazerba.
Sei arrautza.
Litro erdi esne gain.
Burruntzali bat tomate saltsa.
Gatza.
Oliba olioa.
Piperbeltz hautsa.
Gurina.

1. Barazkiak garbitu, behar direnak zuritu, eta juliana eran moztu, normalean baino zabalxego.

2. Barazkiak taldeka egosiko ditugu, ur irakinetan: lekak sei bat minutuan, kuiatxoa hiru minutuan, azenarioak bost minutuan, eta, azkenik, ziazerba minutu batean. Tipula, egosi beharrean, erregosi egingo dugu, lapiko txiki batean, oliba-olio txorrotada batekin eta gatz pitin batekin.

3. Budinaren orea egiteko, bota arrautzak erretilu batera, eta gehitu tomate saltsa eta esne gaina. Gatza eta piperbeltz hautsa ere bai. Guztia ongi irabiatu. Gehitu bertara erregositako tipula eta baita ziazerba egosia ere, puska txikitan moztua.

4. Budina egiteko moldea hartu, eta gurina ondo zabaldu eskuarekin. Barazkiak moldean kokatu, modu txukunean. Lehenik, azenarioak, eta haien gainean burruntzali bat budin ore. Ondoren, kuiatxo puskak, eta gainetik beste burruntzali bat ore. Jarraian, lekak eta falta den budin orea.

5. Labea berotzen jarri, 180 gradutan. Moldea urez betetako erretilu batean jarri, marian berotzeko —flanak egiten diren moduan—, eta eduki labean 30 minutuz. Labea itzali eta gero, ez atera budina labetik: bertan utzi, hoztu arte.

6. Hoztutakoan, moldetik atera, xaflatan moztu eta plateretan banatu dezakegu. Oso ukitu goxoa eta berezia emango dio budina gainetik bustitzen badugu saltsa arrosarekin edo alioliaren gisako saltsaren batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.