Birigarroak saltsan

FOKU.
Iker Markinez.
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
OSAGAIAK4 LAGUNENTZAT

Hamabi birigarro
Bi tipula eder
Bi azenario
Bi errezil sagar
Litro erdi ardo beltz
Basokada bat Porto ardo
Piper beltza
Gatza
Oliba olioa

Ehiza garaian gaudenez, batzuek beharbada izango duzue aukera birigarroak, usoak edo antzeko hegaztiren bat prestatzeko. Beraz, animatu eta jarraitu errezeta honen pausoei. Guk birigarroak prestatuko ditugu, baina errezetak balio du beste hegaztientzat ere.

1. Birigarroak ongi garbituko ditugu aurrena.

2. Gero, lapiko handi batean, oliba olio txorrotada bat jarriko dugu, eta birigarroak ongi gorritu.

3. Gehitu lapikora azenarioak, errezil sagarrak eta tipulak —txikituta—, beste olio txorrotada batekin batera. Bota gatza eta piper beltza ere.

4. Osagaiak ondo gorrituta ditugunean, bizitu sua, eta gehitu ardo beltza eta Porto ardoa. Eduki irakiten hamar minutu. Horrela, lurrindu egingo da ardoaren alkohola. Hamar minuturen ondoren, bota ura lapikora, birigarroak ondo estali arte. Gehitu beste gatz pixka bat, eta egosi guztia ordubetez, su ertainean.

5. Ordua pasatutakoan, kontu handiz atera birigarroak, eta jarri beste lapiko batean. Aurreneko lapikoan gelditu diren osagai guztiak pasatu txanotik, saltsa osatu arte. Gehitu saltsa birigarroei. Azkenik, jarri berotzen birigarroen eta saltsaren lapikoa, birigarroak bigunak daudela ziurtatu arte. Jarri plateretan, eta on egin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.