Udazken zaporeak platerean

IKER MARKINEZ.
Iker Markinez.
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun

OSAGAIAK
4 LAGUNENTZAT



Kalabaza pusketa bat.
3 porru.
Nafarroako piper gorri errea.
5 onddo beltz.
Oliba olioa.
Gatza.

1. Udazken bete-beteko produktuak erabiliko ditugu gaurko errezetarako. Lehenik, kalabaza krema egingo dugu. Horretarako porruak garbitu, eta zati handi xamarretan moztu. Lapiko batean zatiak jarri, kalabazari ere azala kendu, eta hori ere puska handietan zatitu eta lapikora gehitu. Oliba olio txorrotada eta gatz pittin bat bota, eta urez juxtu estali. Irakiten jarri, hastean 20 minutuz mantendu, eta ondoren sua kendu. Jarraian irabiatu, eta krema goxoa lortuko dugu. Gorde.

2. Orain piper erreak —gure kasuan Beringoak dira— zuritu, eta haziak ongi kendu. Zartagin zabal batean jarri bata bestearen ondoan, baina ongi zabalduak. Gatz pittin bat bota, eta oliba olio txorrotada bat. Su motelean berotzen jarri, eta hamabost bat minutuz erregosi, poliki-poliki. Ondoren itzali, eta tapa bat jarri.

3. Onddo beltza prestatzeko, azalean duen lurra ongi kendu, eta traputxo busti batekin pixka bat garbitu. Kasu honetarako onddoak txikiak badira hobe. Horiek lau edo sei puskatan moztu, eta zartagin batean ipini onddo puskak. Gatz pittin bat gehitu, eta baita oliba olio txorrotada bat ere. Horiek su oso bizian hiru bat minutuz erregosi. Atera, eta gorde.

4. Platereratzeko, hiru osagaiak beroak izango ditugu. Lehenik, beheko aldean kalabaza krema zabaldu; gainean, ilaran, pikillo piperrak erditik moztuak jarri, eta, horien gainean, onddoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.