Txerri saiheskia labean

JON URBE / FOKU.
Iker Markinez.
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
OSAGAIAK 4 LAGUNENTZAT
Kilo eta erdi Basatxerri saiheski.
Tipula 1.
Baratxuri buru 1.
2 tomate.
Oporto basokada 1.
Dozena bat txanpiñoi.
Gatza.
Oliba olioa.
Piperbeltz hautsa.

1. Laberako erretilu batean, bi tomateak osorik ipini, bat alde bakoitzean. Beste aldeetan, tipula jarri, zuritua eta erditik moztua. Saiheskiari gatza eta piper hautsa bota, eta erretiluaren erdian jarri.

2.Baratxuri burua aletu, baina zuritu gabe, eta aleak saiheskiaren bueltan zalbadu. Oliba-olio txorrotada bat gehitu, eta taza bat ur ere bai, labean gehiegi lehor ez dadin.

3. Labea berotzen jarri, baina adi, 130 graduan nahikoa; izan ere, errezeta honen sekretuaren zati handi bat egosketa motel eta tenperatura ertainean dago.

4. Labean sartu, eta bi ordu eduki, ukitu gabe. Gero, labetik atera, eta saiheskia beste erretilu batera pasatu. Jarraian, labea bete-betean berotzen jarri, bukaerarako prest edukitzeko. Barazkiak eta erretiluko salda txino batetik pasatu —iragazteko bakarrik—, eta salda hori saiheskiaren gainean zabaldu.

5. Ondoren, zartagin batean txanpiñoiak erregosi: xafletan moztuak oliba olio eta gatz pittin batekin, pare bat minutuz. Oporto basokada bat gehitu, eta dena irakiten mantendu, salda murriztu arte.

6. Saiheskia berriro labean sartu. Labea oso beroa egongo denez, hogei minutu eduki ondoren saiheskia kirriskatsu eta kolore ilunarekin egongo da.

7. Atera labetik, eta txanpiñoiak Oporto saltsarekin gehitu; beste bost minutuz sartu labean. Mahaira zerbitzatzeko, nahi izanez gero, letxuga entsaladatxo bat nahikoa izango da lagungarri gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.