Xerra Asiako ukituarekin

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iker Markinez.
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
OSAGAIAK4 LAGUNENTZAT

2 txekor xerra.
Piper gorri morroi 1.
Piper berde 1.
Kuia txiki 1.
Azenario 1.
2 baratxuri ale.
Soja saltsa.
Currya.
Oliba olio birjina.

1. Lehenik, txekor xerrak: aurreko egunean puska finetan moztu, eta erretilu batean ipini. Erretilu horretan, baratxuri xehatuak gehitu, eta soja saltsaren txorrota on bat ere bai. Guztia ongi nahastu. Hozkailuan gorde, 24 orduz gutxi gorabehera. Dena den, errezeta prestatzen hasi aurreko bi orduetan hozkailutik ateratzea komeni da.

2. Orain, barazkiak garbitu eta zuritu. Guztiak makilatxo formako zatitan moztu. Zartagin bat berotzen jarri, oliba olioaren txorrota batekin, eta lehenik piper gorria gehitu. Su bizian hiru bat minutuz eduki, eta erretilu batera atera. Ondoren, piper berdearen puskekin gauza bera egin, eta, gero, berdin kuia txikiarekin eta azenarioarekin. Dena prest dagoenean, curry koilarakada bat gehitu barazki guztiei, eta dena ongi nahastu.

3. Zartagin zabal bat hartu, ongi berotzen ipini, eta oliba olioaren txorrota bat gehitu. Xerra zatiak zartaginera bota (saltsarik gabe, noski), eta su bizian eduki minutu batez edo; ondoren, barazki guztiak gehitu. Beste minutu pare batez su bizian berotu ondoren, platerera atera; Asiako ukitua duen jaki goxoa dastatzeko prest dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.