Kantauriko antxoak labean, barazkiekin

Antxoak platerean, barazkien gainean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iker Markinez.
2026ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iker Markinezek antxoak oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.

Antxoak, 500 g

Lekak, 200 g

Pikillo piperrak, pote bat

Tipulak, 2

Baratxuriak, 3 ale

Ezpeletako piperrauts gorria

Oliba olioa

Gatza
Testuingurua

Duela urte batzuk, kupoen eraginez, arriskuan izan genuen itsasoko gure altxor preziatua: antxoa. Baina ikusi dugu naturaren eta itsasoaren beharrak errespetatuz gero eskuragarri izango dugula antxoa garaiko produktu gisa. Horri esker, guztiok ateratzen gara irabazian. Beraz, errezeta honetan ere antxoa izango da protagonista nagusia, sasoi betea denez gero.

1. urratsa

Lehen pausoan, barazkiak prestatzen hasiko gara. Kendu puntak lekei, luzeran juliana moduan moztu, eta gorde. Pikillo piperrak ere juliana moduan moztu. Zuritu baratxuri aleak, eta moztu xafla finetan. Zuritu tipulak ere, eta moztu juliana moduan.

2. urratsa

Bota oliba-olio txorrotada bat lapiko batera, eta, berotzen hastean, gehitu tipula eta baratxuriak. Bota gatz pitin bat,  eta tapaz estali. Su ertainean eduki hamabost bat minutuan. Ondoren, kendu tapa eta erregosi beste ordu erdi batez, guztia ondo goxatu arte.

3. urratsa

Jarri lapiko bete ur sutan, bota gatz pitin bat, eta, irakiten hastean, gehitu lekak. Egosi lekak hamar bat minutuz, su bizi-bizian. Ez da komeni gehiegi egostea. Segidan, egosteko prozesua mozteko eta kolore bereziari eusteko, pasatu lekak ur hotzetan, iragazi eta gorde.

4. urratsa

Bota piper gorri xaflak tipula eta baratxuriak dauden lapikora, eta erregosi beste bost minutuz. Itzali sua eta gerorako gorde egindakoa. Jarraian, garbitu antxoak burua eta tripa kenduta; litekeena da garbituta erosi izana. Hezurra ere kendu, baina antxoaren bi solomotxoak banatu gabe, tximeleta baten antzera. Jarri sukaldeko paper gainean, lehor egon daitezen, eta bota gatz pixka bat.

5. urratsa

Jarri labea berotzen 250 gradutan. Berotu bitartean, zabaldu tipula, baratxuria eta piper goxatuak labeko erretilu batean. Lekak gainean jarri. Eta, ondoren, antxoak txukun-txukun jarri leken gainean, ilara zuzenetan, azala gora begira dutela. Bota oliba-olio txorrotada txiki bat.

6. urratsa

Labea ondo berotuta dagoenean, eduki erretilua barruan hiruzpalau minutu; antxoak oso handiak ez badira, behintzat, nahikoa izango da. Atera labetik, eta banatu plateretan. Zabaldu barazkiak, eta antxoak zerbitzatu gainean. Bota oliba-olio txorrotada txiki bat. Azken ukitua emateko, bota Ezpeletako piperrauts gorria gainetik. Zapore bixia emango dio horrek.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA