Nafarroako zainzuri freskoak piper gorriekin

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Iker Markinez.
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
OSAGAIAK4 LAGUNENTZAT

20 zainzuri.
2 pipermorro gorri.
Oliba olioa.
Gatza.
Kafe koilarakada bat azukre.

1. Garaiko produktua dugunez, gaur zainzuriak prestatuko ditugu, Nafarroakoak. Zainzuriak ipurdi aldean zentimetro inguru moztu, eta, ondoren, goitik behera zurituko ditugu. Kontuan hartu punta aldea ez dela behin ere zuritu behar.

2. Lapiko handi bat urez bete, gatza bota, eta azukre pittin bat ere bai. Irakiten hastean, zainzuriak gehitu, eta ordu laurden batez irakin; zainzurien lodieraren arabera, beharbada denbora gehixeago eduki beharko dugu. Ondoren, sua itzali, eta zainzuriak bertan utzi.

3. Labea berotzen jarri, 200 graduan. Pipermorroak erretilu batean jarri, osorik, eta labean sartu, gatzik eta oliorik gabe. 20 bat minutuz erregosi, azala ongi gorritu arte. Atera, epeltzen utzi, eta azala eta haziak ongi kendu. Ondoren, piperrak tira luze eta finetan moztu.

4. Orain, zainzuriak uretatik atera, ura ongi kendu, erditik moztu, eta plateraren erdian jarri: bakoitzean lau zainzuri oin, argazkian bezala. Ondoren, gainean, gainontzeko lau zainzurien puntak. Azkenik, piper tirak gainetik jarri, gatz pittin bat bota, eta aukeran oliba olio txorrotada batez busti, edo, nahi izanez gero, ozpin-olioa ere izan daiteke, bestela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.