Iker Markinezek bakailaoa aukeratu du aste honetako errezeta egiteko.
Gezatutako bakailao xerrak, 8 Tipula, 1 Azenarioa, 1 Piper gorria, 1 Piper berdea, 1 Kuia txikia, 1 Baratxuriak, 4 ale Oliba olioa Gatza
Aspalditik dugu lotura bakailaoarekin, eta oso ohikoa dugu arrain horren prestaketa. Legatza beteta prestatzen dugun modu berean prestatuko dugu gaurko bakailaoa.
Barazkiak prestatuz hasiko gara. Horretarako, barazkiak garbitu, eta hala behar dutenak zuritu. Guztiak karratu txikitan moztu, ahal bada tamaina berdintsukoak. Baratxuri aleak ere bai.
Lapiko zabal bat hartu, oliba-olio txorrotada gehitu, eta barazkiak banan-banan gehitu; guztiak, kuia txikia izan ezik. Nahastu, eta, hamabost bat minutuz erregosi ondoren, kuia txikiaren zatiak gehitu. Kuia txikiak ur asko du, eta hasieratik beste barazkiekin batera erregosten jartzen badugu, ur hori askatuko du. Hori eragozteko gehituko dugu geroago. Sua bizitu, gatza gehitu, eta beste hamar bat minutuz erregosi. Ondoren, lapikotik atera eta gorde. Hozten utzi. Barazkiak aurreko egunean ere prestatu litezke, eta hozkailuan gorde hurrengo egunera arte.
Ahal bada, isatsaren aldeko bakailao xerrak izatea komeni da. Horrela, denek antzeko lodiera izango dute, eta ez dira xerra oso lodiak izango.
Bakailao xerrei azala kendu, eta labeko erretilu batean lau zati ipini. Ondoren, prestatu ditugun barazkien koilarakada on bat gainean zabaldu, eta barazki zati horiek beste bakailao xerra batekin estali. Jarraian, labeko erretilua labeko paperarekin estali, pakete itxi baten antzera. Labea berotzen jarri, 180 graduan. Beroa dagoenean, erretilua sartu eta hamar bat minutuz eduki.
Ikusten duzuen moduan, erretiluko bakailao xerra horiei ez diegu ez gatzik, ez oliorik eta ez urik gehitu. Izan ere, gaurko errezeta gezatutako bakailaoarekin egin dugu, eta pakete itxi horretan arrainak berak askatuko duen ura nahikoa izango da arraina ondo egin dadin.
Atera ondoren, paper estalkia ireki, eta oliba-olio txorrotada fin bat gehitu arrain zati bakoitzari. Jarraian, mahaira zerbitzatzeko plateretan banatu.
Nahi baduzue, pikillo piperren saltsa batekin lagundu, eta tomate saltsarekin ere goxoa geldituko da.




