Orburu eta bakailao entsalada

GORKA RUBIO / FOKU.
Iker Markinez.
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
OSAGAIAK 4 LAGUNENTZAT

Dozena bat orburu.

2 tako bakailao gezatu.

2 baratxuri ale.

2 tomate heldu.

Oliba olio birjina.

Gatza.

Ozpina.

Irina, orburuak egosteko.

1. Lapiko bat urez bete, eta irin koilarakada pare bat eta gatz pittin bat bota. Sutan jarri berotzen, irakin arte.

2. Bitartean, orburuak prestatzen hasiko gara. Horretarako, orburuari lehen orriak kenduko dizkiogu; beldurrik gabe kendu —hor dago sekretua—, bestela kanpoko geruzek gortasun puntua ematen diote jatean.

3. Zuztarrak, berriz, moztu gabe zuritu, findu arte. Gauza bera egin beste orburuekin, eta punta aldea ere ondo moztu orburu bakoitzari. Garrantzitsua da ordena hau errespetatzea; bestela, orburuak azkar belzten hasiko dira.

4. Orain, ur irakinetara bota, eta hogei bat minutuz irakiten eduki. Sua itzali, eta bertan utzi epeldu arte. Gero, orburuak atera eta erditik moztu, puntatik buztanera. Gorde.

5. Orain, lapiko batean oliba olio zorrotada bat bota, eta bertan baratxuri aleak ipiniko ditugu frijitzen. Aleak dantzan hastean, bertara bakailao puxka bat gehitu, eta bakailaoa poliki-poliki azukreztatu hamar bat minutuz.

6. Gero, sua itzali, eta bakailaoa bertan eduki olioa epeltzen den bitartean. Jarraian, atera eta azala kendu, eskuekin lagunduta, eta xaflatan banatu. Plater batean gorde, eta gainetik egosketa honetako olio pixka bat bota.

7. Tomateak uretan egingo ditugu. Horretarako, lapiko batean ura ipini eta irakiten jarri. Tomateei bihotza kendu, eta behe aldean gurutzetxo bat egin labanarekin.

8. Ondoren, ur irakinetan sartu, eta, hamar segundo pasatu ondoren, ur hotzez beteriko erretilu batera pasatu; horrela, egosketa prozesua moztuko dugu, eta azala bere kasa altxatuko da. Jarraian, azala eta haziak ongi kendu, eta tomateak tira luzetan moztu.

9. Orain, prestaketa bukatzeko, orburuak borobilean erretiluan jarri, eta erdian bakailao xaflak eta tomate zatiak ongi zabaldu. Guztia ozpin-olioz bustitzea besterik ez zaigu gelditzen.

10. Ozpin-olioa egiteko, bakailaoaren egosketako olioa erabiltzea gomendatzen dizuet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.