Arroza barazkiekin eta berdelarekin

JUAN CARLOS RUIZ /FOKU.
Iker Markinez.
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
OSAGAIAK 4 LAGUNENTZAT

Lido motako 400 g arroz.

3 berdel.

Kalabazin 1.

Ziazerba sorta 1.

Azenario 1.

Tipulin 1.

2 baratxuri ale.

4 zainzuri fresko.

Gatza.

Oliba olio birjina.

Asteburu honetan, Goierri aldeko Seguran (Gipuzkoa), Iparra-Hegoa topaketa ospatuko da. Urteroko legez, astean zehar, Elorripe elkartean elkartu gara, eta aurtengoan sukaldeko topaketa horretan errezeta hau prestatu eta dastatzeko aukera izan dugu bertaratutako guztiok. Bertan izan ditugu iparraldetik etorritako Bernabet Berha eta Xumai Murua ama-semeak ere; haiek hainbat foie eta ahateproduktu ekarri dizkigute, eta ongi erakutsi eta esplikatu, gainera, makina bat gauza!

1. Kalabazina eta azenarioa garbitu eta zuritu (azenarioa bakarrik), eta karratu txikietan moztu. Baita tipulina eta baratxuri aleak ere.

2. Lapiko batean, oliba olio txorrotada bat bota, eta, ongi berotu ondoren,barazki guztiak gehitu. Gatz pittin bat bota. Hogei bat minutuz erregosi, su motelean. Ondoren, ziazerbak moztu zatietan, eta lapikora gehitu. Beste bost minutuz erregosi eta nahastu.

3. Ondoren, arroza gehitu, eta arroz kantitatearen ur hirukoitza. Beste gatz pixka bat bota, eta, irakiten hastean, mantendu hogei minutuz su ertainean.

4. Arroza egiten ari den bitartean, zainzuri freskoak ongi zuritu, eta xafla finetan moztu. Zartagin batean ipini gatz pittin bat, eta, olio txorrotada bat bota ondoren, erregosten jarri zainzuriak, bost minutuz su ertainean, eta tapa batekin estalita.

5. Beste zartagin batean, berdel zatiak frijitu, plantxa moduan. Komeni da aurrez berdel zatiak hezurrik gabe egotea.

6. Azkenik, hiru osagai nagusiak prest ditugunez, platereratzea besterik ez zaigu gelditzen.

7. Plateraren erdian, barazki eta arroz koilarakada pare bat ipini, arrozaren bueltan zainzuri xaflak ipini, eta, bukatzeko, berdel zatiak guztiaren gainean jarri. On egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.