Bakailaoa tomate fresko eta barazkiekin

BERRIA.
Iker Markinez.
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
OSAGAIAK4 LAGUNENTZAT
800 g bakailao gezatu.
Piper gorria.
Piper berdea.
Tipula bat.
Baratxuri aleak.
Azenario bat
Bi tomate heldu.
Gatza eta oliba olioa.

1. Lehenik, bakailaoa konfitatuko dugu. Horretarako, oliba olioa lapiko txiki batean berotzen jarri, erdiraino. Bitartean, bakailoa lau puska handitan banatu.
Azala gorantz begira dutela, oliotan sartu, eta, su oso motelean, hamabi bat minutuz eduki; oso garrantzitsua da sua motel edukitzea. Horrela, konfitatu egingo dugu.

2. Gero, sua itzali, eta bakailaoa erretilu batera atera.

3. Barazkiak puska txikietan moztu. Lapiko batean jarri, eta konfitatzeko erabili dugun oliotik koilarakada batzuk gehitu, eta bertan barazkiak gatz pittin batekin erregosi, hamabost bat minutuz, eta gorde.

4. Tomate saltsarako, bi tomateei bihotza kendu, eta pusketatan banatu. Bakailaoa konfitatzeko erabili dugun lapikoan, konturatuko gara olioaren azpialdean, konfitatzeko garaian, bakailaoak utzitako salda bat dugula. Beraz, lapiko horretatik oliorik gehiena kendu—beste egun batean entsalada baterako erabil dezakegu—, eta gainerakoa berotzen jarri, eta bertara tomate puskak gehitu. Hamar edo hamabost minutuz irakin ondoren, txinotik pasatu, eta tomate saltsa zaporetsua lortuko dugu.

5. Tomate saltsa barazkiak dauden lapikora gehitu, eta berotzen ipini. Irakiten hastean, konfitaturiko bakailao puskak gehitu bertan, eta pare bat minutu irakiten eduki. Prest dugu zerbitzatu eta goxo-goxo dastazeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.