Nafarroako zainzuriak zizekin, ozpin-oliotan

GORKA RUBIO / FOKU.
Iker Markinez.
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
OSAGAIAK4 LAGUNENTZAT

Kilo eta erdi zainzuri fresko.
Entsaladako tomate 1.
Tipulin 1.
Ziazerba hosto sorta bat.
Gatza.
Azukre koilarakada bat.
Oliba olio birjina.
Sagardo ozpina.
Modena ozpina.
Udaberriko ziza pare bat.

1. Zainzuri garaia bukatu aurretik, plater goxo baterako aprobetxatuko ditugu. Zainzuriak erosterakoan, produktuaren freskotasunari kontu hartu behar diogu, baita zainzuriaren lodierari ere; hatz lodiaren tamainakoak dira politenak.

2. Jada sukaldean, zainzuriaren behealdean (zuztarraldean) bost bat zentimetroko pusketa moztuko dugu. Ondoren, patatak zuritzeko tresnarekin, zainzuria erditik behera ongi zurituko dugu. Lan hori ondo egitea komeni da, bestela, jaterakoan haritxoak nabarituko baititugu. Ondo garbitu.

3. Urez beteriko lapiko handi bat sutan berotzen jarri, gatz eta azukre pixka batekin. Irakiten hastean, zainzuriak bota, eta 25 bat minutuz irakiten eduki. Sua itzali, eta gorde.

4. Ozpin-olioa prestatzeko, entsalada tomateari azala kendu, eta laukitxo txikietan moztu. Tipulina ere pusketa txikietan moztu, eta ziazerba hostoak, berriz, juliana fin-finean. Osagai horiek katilu batean jarri eta gatza gehitu, baita modena eta sagardo ozpin koilarakada bana ere; ondoren, dozena erdi koilarakada oliba olio. Ondo-ondo nahastu.

5. Zainzuriak ur epeletik atera, eta lehortu. Erditik moztu, eta plateretan jarri. Puntak zutik jarri daitezke, adibidez. Gainetik ongi oliozpindu.

6. Bukatzeko, garaiko beste produktu baten ukitu magikoa emango diogu. Ea osagai hau aurkitzeko aukerarik duzuen: ziza fresko pare baten xafla finak gainetik gehitu, eta dastatzeko prest izango dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.