Lupia plantxan muskuilu eta orburuekin

GORKA RUBIO / FOKU.
Iker Markinez.
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
OSAGAIAK4 LAGUNENTZAT

Kilo inguruko itsas lupia.
8 orburu.
400 g muskuilu fresko.
2 baratxuri ale.
Perrexila.
Oliba olio birjina.
Gatza.
2 koilarakada irin, orburuak prestatzeko.

1. Lehen pausoan orburuak prestatuko ditugu. Horretarako, lapiko handi batean ura erdiraino bete, bi koilarakada irin gehitu, eta ondo nahastu. Gatz pittin bat bota, eta sutan jarri irakin arte. Bitartean, orburuak zuritu, txortena moztu gabe zuritu. Orburuaren punta moztu, pare bat zentimetro zabal. Ondoren, ur irakinetan sartu, eta bertan irakin hogei bat minutuz. Orburuak atera, eta salda pixka bat gorde gerorako.

2. Beste lapiko batean, muskuiluak ipini, urik gabe. Taparekin estali. Eta berotzen jarri, muskuiluak ireki arte. Orduan, sua itzali, muskuiluak erretilu batera atera, eta bertan utzi duten salda edalontzi batean gorde.

3. Baratxuriak puska oso txikietan moztu. Zartagin zabal batean ipini, olio txorrotada gehitu, eta su ertainean jarri. Baratxuri aleak dantzan hastean, orburuen egosketa saldaren kazokada bat gehitu, bai eta edalontziko muskuilu salda guztia ere. Orburuak lapikora gehitu, eta su ertainean mantendu.

4. Itsas lupia ondo garbitu, eta bi xerratan irekita jarri, burua kendu, eta xerra bakoitza erditik moztu. Zartagin edo plantxa bat ondo berotzen jarri, eta azalaren aldetik lupi puskak zartaginetik pasatu, azala txigortu arte (bost bat minutuz gutxi gorabehera), gatz pittin batekin eta oliba-olio txorrotada batekin. Jarraian, buelta eman, eta 2 edo 3 bat minutuz mantendu. Sua itzali.

5. Jarraian, muskuiluak orburuak ditugun lapikora gehitu, eta dena berotu.

6. Bukatzeko, zerbitzatzeko garaian, plater bakoitzean lupi puska jarri, orburuz eta muskuiluz inguraturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.