Txekor masailak saltsan

KUKO JATETXEA.
Iker Markinez.
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
OSAGAIAK 4 LAGUNENTZAT
Kilo bat txekor masail.
200 g txanpiñoi.
3 tipula.
2 azenario.
3 baratxuri ale.
Litro erdi ardo beltz.
Gatza.
Oliba olioa.
Piper hauts beltza.
Kremarako:
Kuia zati bat.
Basokada erdi esne gain.

1. Lapiko zabal bat sutan ipini, eta ongi berotzen denean, bertan txekor masailak frijitu, olio txorrotada batekin. Gatza eta piper hautsa gehitu.

2. Bitartean, barazki guztiak zuritu eta garbitu. Pusketa txikitan moztu. Txekor masailak ongi gorrituak daudenean, barazki guztiak lapiko horretara gehitu, eta su ertainean barazkiak ere gorritu arte mantendu. 15 bat minutuz gutxi gorabehera.

3. Ardo beltza gehitu. Beste ordu erdiz irakiten eduki, eta ura gehitu, masailak estali arte. Beste 50 bat minutuz irakin, oraingoan su motelean. Epeltzen utzi, eta txekor masailak beste lapiko batera pasatu. Irabiagailu eta txinoaren laguntzaz, barazkiak pasatu, eta masailen lapikora bota.

4. Zartagin batean, txanpiñoiak bost bat minutuz oliba olio txorrotada batekin erregosi, eta txekor masailen lapikora gehitu. Poliki, su motelean, guztia mantendu, txekor masailak erabat bigunak daudela ikusi arte.

5. Kremarako, kuiari azala ongi kendu, puskatan moztu, eta lapiko txiki batean esne gain basokada erdia gehitu, beste basokada erdi bat ur, gatza eta piper hautsa. Irakiten hastean, kuia gehitu eta 20 bat minutuz irakiten mantendu. Ondoren, irabiagailuarekin krema lortu.

6. Platereratzeko, haragi xafla pare bat plater erdian jarri, saltsa eta txanpiñoiekin, eta inguruan lagungarri bezala kuia krema pixka bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.