Muskuiluak lurrunetan ozpin olioarekin

BERRIA.
Iker Markinez.
2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun

OSAGAIAK
4 LAGUNENTZAT

Kilo bat muskuilu.
Ozpin oliorako:
Bi baratxuri.
Tipulin bat.
Piper gorri bat.
Gatza.
Oliba olioa.
Ozpina.

1. Lehenik, ozpin olioa prestatuko dugu. Horretarako, moztu hiru barazkiak karratu txikietan. Jarri ontzi batean, gehitu gatz pitin bat, lau koilarakada ozpin eta dozena bat koilarakada oliba olio. Guztia ongi nahastu eta gorde.

2. Muskuiluak ongi garbitu. Kendu dituen iletxoak.

3. Jarri lapiko bat sutan, lapikora ezer bota gabe. Jarraian, gehitu muskuiluen herena. Estali taparekin eta utzi hiru minutuan, beren lurrunetan egosten, guztiak ireki arte. Ondoren, atera lapikoko muskuiluak erretilu batera, eta lapikoa berriz sutan jarri. Muskuiluen beste heren bat gehitu eta jarraitu aurreko urrats guztiak. Horrela, muskuilu guztiak ireki arte.

4. Garrantzitsua da urrats hori ongi jarraitzea. Bestela, muskuilu guztiak batera egiten baditugu, batzuk azkar irekiko dira eta beste batzuk, berriz, geroago. Ondorioz, muskuilu batzuk oso egosiak aterako dira. Multzo txikietan eginez gero, hori saihestuko dugu.

5. Erretiluan irekita dauden muskuiluak eskuarekin guztiz ireki, eta kendu hutsik geratzen den oskola. Gainerakoak jarri erretilu zabal batean, denak errenkadan. Ozpin olioz ongi busti eta segituan prest izango ditugu dastatzeko. Hotzak ere jan ditzakegu, baina egosi berritan ozpin olioztatuz gero, izugarrizko zaporea nabarituko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.