Garbantzu eta kuskus entsalada

BERRIA.
Iker Markinez.
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
OSAGAIAK4 LAGUNENTZAT
200 g garbantzu egosi.
200 g kuskus.
3 pikillo piper.
Piper berde 1.
2 tipulin.
Azenario 1.
Ahuakate 1.
Limoi 1.
Gatza eta oliba olioa.

1. Lehenik, garbantzuak egosiko ditugu; horretarako, azenario eta tipularekin batera egostea litzateke egokiena. Ondoren, hoztu. Egosketa horretatik lortzen dugun salda, beste egun batean, zopa eder bat egiteko ere erabil dezakegu. Beste aukera bat izan daiteke aurreko egun batean sobratutako garbantzuak errezeta honetarako erabiltzea.
2. Kuskusa egosteko, lehenik, neurtu 200 g horiek kikara edo ontzi txiki batean noraino iristen diren. Ondoren, erretilu batera pasatu. Jarraian, ura egosten jarri, baina neurtzeko erabili dugun katiluaren neurria halako bi. Urari gatz pittin bat eta oliba olio txorrotada bat bota, eta irakiten jarri. Irakin betean dagoenen, kuskusa dugun ontzira gehitu ura, eta, bizkor-bizkor, sukaldeko filmarekin ontzia ongi estali. Horrela, lurrinaren bidez egingo da kuskusa.
3. Ahuakatea zuritu, eta karratu txikietan moztu. Tipulinarekin, pikillo piperrekin eta berdeekin ere gauza bera egin.
4. Platereratzeko, kuskusa plateraren erdian jarri, bueltan garbantzu egosien aleak, eta guztiaren gainetik barazkiak zabaldu. Azkenik, oliba olio txorrotada bat gehitu, eta baita limoi erdi baten zukua ere. Nahiz izanez gero, ukitu exotikoa emateko, curry hauts pittin bat ere gehitu diezaiokegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.