HITZ ETZANAK
Ainara-isatsa
Hauteskundeak joan ziren, hurbilekoenak hautatzeko aukera ematen diguten horiek behintzat. Laster helduko da alkate eta zinegotziek karguak har ditzaten eguna.
Bakoitzaren izaera aintzat hartzeko moduko zerbait da; hiri handietan ala herri txikietan zinegotzi izan, ez da gauza bera izango; erabat musu-truk ari zaren edo zerbait —ala zerbait baino gehiago— kobratzen duzun ere faktore funtsezkoa izango da. Baina bote lasterrera esango nuke, zinegotzi ez izateko arrazoiak errazago suma daitezkeela, izatekoak baino. Batek lanpetua dagoela aipa dezake. Besteak, haurrak artean ume dituela. Hirugarrenak, bere burua ez duela doitua ikusten...
Halere, ez izateko aurkitu dudan arrazoirik xelebreena Pio Barojarengan aurkitu dut. 1911n idatzi zuen Las inquietudes de Shanti Andía eleberria. Bertan, Zelaieta deitura zuen gizonezko batez hala dio: «Zinegotzi izendatu nahi izan zuten noizbait; berak ezezkoari eutsi zion, eta gogor eutsi gero». Zergatik ez zuen zinegotzi izan nahi galdetzen ziotenean honakoa erantzuten omen zuen: «Txirtxila nazatela ainara-isats irudiko lebita jarriarazi baino lehenago!». Herriko jaietan frak bat jantzi beharra izaten zuten nonbait zinegotziek. Ez da nirea itzulpena. Yon Etxaideri zor diogu ainara-isatsarena.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.