Udaberriko barazki panatxea

BERRIA.
Iker Markinez.
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
OSAGAIAK4 LAGUNENTZAT
Nafarroako 8 zainzuri fresko.
250 g ilar.
2 zerba orrimami.
2 azenario.
Piper berde 1.
Baratxuri aleak.
Oliba olioa.
Gatza.

1. Lehenik, barazkiak garbitzen hasiko gara, eta beharrezkoak zuritzen. Zainzurien behealdean—zuztarraldean— bost bat zentimetroko pusketa moztuko dugu. Ondoren, patatak zuritzeko tresnarekin, zainzuria erditik behera ongi zuritu. Lan hori ondo egitea komeni da, bestela jaterakoan haritxoak nabarituko baitira. Ondo garbitu.

2. Urez beteriko lapiko handi bat sutan berotzen jarri, gatz eta azukre pixka batekin. Irakiten hastean, zainzuriak bota bertara, eta hamabost bat minutuz irakiten eduki. Sua itzali, eta bertan utziko ditugu hoztu bitartean, gutxi gorabehera pare bat orduz.

3. Beste lapiko bat urez bete, gatz pittin bat bota, eta, ura irakiten hastean, zerba orrimamiak bertara bota, egosteko. Hogei minutuz eduki irakiten, eta, jarraian, ur hotzetatik pasatu freskatzeko. Gorde.

4. Azenarioak ere laukietan moztuak egos ditzakegu, ur berean nahi izanez gero, baina ez orrimamiekin batera. Horiek zortzi bat minutuz egosi. Atera eta gorde.
Ondoren, ilarrak beste zortzi bat minutuz egosi, eta horiek ere freskatu ondoren, gorde.

5. Baratxuri aleak zuritu, pare bat, eta juliana moduan fin-fin moztu. Piper berdearekin ere gauza bera egin.

6. Zartagin zabal batean, lehenik oliba olio txorrotada bat bota, su ertainean jarri, eta, jarraian, piper berdea bertan jarri. Minutu pare bat pasatu ondoren, baratxuria gehitu; horiek gorritzen hasten direnean, egosirik ditugun barazki guztiak gehituko dizkiogu, denak zainzuriak izan ezik. Zartaginean mantendu, sua bizitu, eta pare bat minutuz barazkiak ongi nahastu.

7. Ondoren, zainzuriak erditik moztu, eta zartaginera gehitu. Beste pare bat minutuz zartaginean mantendu, eta prest da panatxea.

Zorteko bagara, eta udaberriko ziza bat etxean izanez gero —nahiko zaila egoera honetan—, platereko osagaien gainetik gordinik birrindu. Zizaren usain eta zaporeak sekulako ukitua emango dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.