Hezkuntza. Eskola segregazioa

Eskola segregazioa: gehienbat hirietan eta sare publikoan

Ikasleak ez dira modu orekatuan banatzen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan: ISEK maila baxuko ikasleen %70 eskola publikoak hartzen ditu. Araban eta Bizkaian dago eskola segregaziorik handiena jatorriari eta maila sozioekonomikoari dagokienez.

Haur batzuk ikasgelan, Donostiako ikastetxe batean, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ikasleen aukera berdintasuna sustatzen duela, igogailu soziala dela, gizarteko desberdintasunak leuntzen dituela... Bertute asko aitortzen zaizkio hezkuntzari, eginbehar asko. Baina badago hori guztia lortzea zailtzen duen murru bat gutxienez: eskola segregazioa; alegia, ikasle mota batzuk eskola batzuetan elkartzen direla, eta beste batzuk, beste batzuetan. Egoera hobeto ezagutzeko, Eusko Jaurlaritzaren eskariz, segregazioaren nondik norakoak aztertu dituzte Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko hiru irakaslek Desberdintasun sozioespazialak Euskadiko hezkuntzan txostenean. Finean, hauxe ondorioztatu dute: «Hezkuntza eskaintza plurala, desberdintasun sozialak eta askotariko hizkuntza ereduak dauden testuinguru honetan, hezkuntzako desberdintasuna areagotu egin da, eta larriagotu ere bai». Desberdintasunak daude, eskolatzea ez baita orekatua: sare publikoak hartzen ditu maila sozioekonomiko baxuko ikasleen %70, eta segregazioa hirietan eta herri handietan nabaritzen da gehien.

Ikusi gehiago:Xavier Bonal: «Hizkuntzaren arabera bereizteak segregazioa iraunarazi dezake»

Hasteko, egoeraren argazki orokor bat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, jatorri atzerritarreko ikasleak —bi gurasoak Espainiako Estatutik kanpo jaiotakoak dauzkatenak— ez daude orekaz banatuta. LH Lehen Hezkuntzan, 2021-2022ko ikasturtean, ikasle horien pilaketa handiena —%17tik gorakoa— eremu hauetan zegoen: Araba hegoaldeko zenbait herritan —batez ere, Gasteizen—; Bilbon eta inguruetan; eta Gipuzkoako herri batzuetan —Eibarren, Azkoitian, Tolosan, Irunen...—. ISEK indize sozioekonomiko eta kultural baxuko ikasleen banaketa ere antzekoa zen: %20tik gora ziren Bilboko metropolialdean, Gasteizko lau eremutatik hirutan, eta Gipuzkoan, esaterako, Azkoitian eta Eibarren. Kalkulatu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen %15 zirela ISEK maila baxukoak. Aldea dago lurralde batetik bestera: Araban %19 ziren; Bizkaian, %15; eta Gipuzkoan, %13.

Hori argazki bat baino ez da. Berez ez du zertan eskola segregazioa ekarri, modu orekatuan bana baitaitezke ikasleak herriko edo auzoko eskoletan. Ez da horrela gertatzen, ordea. Desberdintasun indizea erabiliz egin dute eskola segregazioaren azterketa. Indize horrek adierazten du banaketa erabat orekatua izateko talde minorizatuko zenbat ikasle aldatu beharko liratekeen ikastetxez. Araban, LHn, atzerritar jatorriko ehun ikasletik 48 zentroz aldatu beharko lirateke eskolatze orekatua lortzeko; Bizkaian, 42; eta Gipuzkoan, 37. Baina lurraldeen barruan ere badaude desberdintasunak: hiru hiriburuetan dago segregaziorik handienetakoa, baina, esaterako, baita Zornotzan (Bizkaia), Elgoibarren eta Andoainen (Gipuzkoa) ere.

Antzekoa da ISEK baxuko ikasleen banaketa falta ere. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailan gertatzen dena aztertu dute. Araban, ISEK baxuko ehun ikasletik 37 aldatu beharko lirateke eskolaz oreka lortzeko; Bizkaian, 36; eta Gipuzkoan, 30. Arazoa bereziki larria da hiriburuetan, baita zenbait herritan ere: segregazio indizea %37tik gorakoa da Getxon, Leioan, Loiun, Sondikan (Bizkaia), Zarautzen, Errenterian (Gipuzkoa)...

Hezkuntza laguntzako berariazko premiak —elbarritasunen bat dutenentzat, gaitasun intelektual handia...— segregatuta ote dauden ere aztertu dute. Txostenaren egileen esanetan, ikasle horien segregazio indizeak «ertain-baxuak» dira.

Bizilekutik eskolara

Argazkia ateratzearekin ez dira konformatu; haren sustraietara jo dute, arrazoietara. Sarri, eskola segregazioa bizileku segregazioarekin lotzen da. Hau da, esaten da maila sozioekonomiko altuko eta baxuko ikasleak edo jatorri atzerritarra dutenak eta ez dutenak ez direla eskolan elkartzen elkarrengandik urrun bizi ohi direlako. Badu eragina: 2021-2022ko ikasturteko datuen arabera, ikasle zaurgarriak %20 baino gehiago diren eremu batean bizi den haur batek hamasei aldiz aukera gehiago ditu LHn segregatutako ikastetxe batera joateko, ikasle zaurgarri gutxi dauden eremu batean bizi denak baino.

Alabaina, txostena argia da alde horretatik: «Orokorrean, eta ikastetxe aukera handia duten sistemetan ohikoa den moduan, eskola segregazioa handiagoa da bizileku segregazioa baino». Alegia, beste zenbait faktorek ere eragina dute eskola segregazioan. Ikastetxearen titulartasuna da nagusietako bat. LHko eskola publiko bat, oro har, honela osatuta dago: ehun ikasletik 35 ISEK baxukoak dira; 27, erdiko baxukoak; 22, erdiko altukoak; eta hamasei, altukoak. Itunpeko ikastetxe bat, aldiz, honela: ehunetik hamabost baxukoak dira; 23, erdiko baxukoak; 28, erdiko altukoak; eta beste 34ak, altukoak. Beste modu batera esanda: eskola publikoak hartzen ditu ISEK baxuko hamar ikasletik zazpi; itunpeko sareak, berriz, ISEK altuko hamarretik zazpi.

Dena den, ez da segregazioari bide ematen dion aldagai bakarra. Hor dago hizkuntza ere: LHn, A ereduko ikasle batek D ereduko batek baino bost aldiz aukera gehiago du ikasle zaurgarri askorekin ikasteko, eta B ereduko batek, lau aldiz gehiago.

Mugikortasunaren isla

Autoa edo autobusa hartu eta auzotik edo herritik kanpoko eskola batera joatea ohikoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrek ere areagotzen du segregazioa: «Azaltzen du, neurri handi batean, bizileku eta eskola segregazioaren arteko aldea».

Mugitzea, zenbait kasutan, ezinbestekoa da, herri batzuetan ez baitago ikastetxerik: «Biztanleriaren dentsitatea eta hezkuntza eskaintza zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta handiagoa da ikasleek egiten duten distantzia». Araban gertatzen da gehienbat, Gasteizen izan ezik. Aldea dago hezkuntza mailaren arabera ere: ikasleak gehiago mugitu ohi dira DBHn, ikastetxe gutxiago daudelako.

Beste batzuetan, ordea, ez da derrigorrezkoa, aukera bat baizik. Bizkaiko ikasleak mugitzen dira gehien: «Behartutako mugikortasunaz harago, nabarmentzekoa da Bizkaiko udalerrietan egiten duten batez besteko distantzia handia: 2-3 kilometro baino handiagoa».

Eskolara joateko mugitzea aukera bat da, baina batzuek soilik egiten duten —edo egin dezaketen— aukera. Horretan ere, ikastetxeen titulartasunaren arabera, mugikortasuna desberdina da: itunpeko ikastetxeetan eskolatutako haurrek distantzia handiagoa egiten dute batez beste publikoetan eskolatuta daudenek baino. Ikasleen ezaugarriek ere baldintzatzen dute mugikortasuna: LHn, beka jasotzen dutenak jasotzen ez dutenak baino gehiago eskolatzen dira etxetik gertuen duten ikastetxean; jatorri atzerritarrekoak gertuago eskolatzen dira; eta maila sozioekonomiko baxua dutenak altua dutenak baino hurbilagoko zentroetara joaten dira normalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.