Etxeko ravioliak, txanpinoi, ziazerba eta gazta kremarekin

KUKO JATETXEA.
Iker Markinez.
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
OSAGAIAK 4 LAGUNENTZAT

Raviolien orea egiteko: bi arraultza, zortzi koilarakada irin eta txorrotada bat oliba olio.

Ravioliak betetzeko: behi gazta, ziazerba sorta bat eta arraultza bat.

Saltsa egiteko: txanpinoiak, baratzuria, esn gaina, oliba olioa, gatza eta parmesanoa.

1. Raviolien orea egiteko, ongi irabiatu behar dira bi arraultza eta txorrotada bat olio. Gero, zortzi koilarakada irin gehitu behar zaizkio. Ore antzeko bat geratuko da.

2. Jarri irin pixka bat mahai gainean, orea ez itsasteko, eta eskuekin landua, behin eta berriz, ogia egiten den moduan. Halaxe jarraitu behar da orea erabat findu arte. Pilota baten forma eman, eta bildu film paperarekin. Hozkailuan sartu, ordubete inguruan.

3. Denbora horretan, kendu azala behi gaztari, eta moztu kubotan. Era berean, moztu ziazerba hostoak juliana eran. Gorde.

4. Saltsa egiteko, jarri txorrotada bat olio zartagin zabal batean, eta bota bi baratxuri aleak, xehetuta. Moztu txanpinoiak xaflatan, eta, baratxuria dantzan hasten denean, bota zartaginera. Gehitu gatz pittin bat. Erregosi bost minutu inguru, eta orduan gehitu basokada bat esnegain. Utzi pare bat minutuan irakiten.

5. Ravioliak egiteko, atera orea hozkailutik, zabaldu irin pixka bat mahai gainean, eta moztu orea lau zatitan. Zati bakoitza ongi luzatu, arrabol edo botila baten laguntzarekin, geruza fin bat lortu arte.

6. Sagardo edalontzi batekin orea gogor estutu, eta zilindro formako puskak moldatuko ditugu. Egin horrela ore guztiarekin. Zenbatu zilindro kopurua.

7. Irabiatu arraultza bat katilu batean eta, pintzel baten laguntzaz, busti zilindroen erdiak arraultzarekin.

8. Bustitako zilindroetan, jarri behi gazta eta ziazerba zati batzuk, erdi-erdian. Gero, gainerako ore zilindroak, arraultzarekin busti gabeak, jarri betetakoen gainean. Bi ore zatiak elkarri itsasteko, sakatu gogor izkinak behatzarekin. Ravioli ederrak aterako dira.

9. Jarri ura irakiten eta egosi ravioliak, gatz apur batekin,lau bat minutuan. Ravioliakegosi eta gero, bota txanpinoi krema dagoen zartaginera. Utzi pare bat minutuan guztia ongi irakiten, eta jateko prest egongo dira. Nahi izanez gero, azken ukitua emateko, gazta pixka bat birrindu daiteke guztiaren gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.