Zainzuri freskoak plantxan humusarekin

Zainzuriak, eta ondoan humusa. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iker Markinez.
2026ko apirilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iker Markinezek zainzuriak eta humusa oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.

Zainzuri zuri freskoak, 8

Garizainzuri freskoak, 8

Egosteko azukrea

Humusa egiteko:

Garbantzuak, 200 g

Tipula bat

Baratxuria, bi ale

Limoi bat

Kuminoa

Oliba olioa

Gatza

Piperrauts beltza
Testuingurua

Apirila bukatzen ari da pixkanaka, eta, oraindik ez baduzu dastatu zainzuri freskorik, ez galdu aukera. Oraintxe ditugu puri-purian Nafarroko altxor horiek, eta gozatu!

1. urratsa

Lehenengo, humusa prestatzen hasi. Jakin ez dela beharrezkoa egun berean egitea; posible da humusa aurreko egunetik prestatuta edukitzea. Prestaketarako, garbantzuak uretan beratzen eduki gutxienez hamabi orduz. Lapiko batean ur garbia jarri, gatz pitin bat bota, eta, irakiten hastean, garbantzuak. Baina adi: beratzeko erabilitako ura kenduta. Lapikora tipula zuritua osorik bota, tapa azkar jarri, eta ordubetez egosi.

2. urratsa

Lapikotik garbantzuak atera, eta ur guztia ondo kendu. Komeni da ur pixka bat edalontzi batean gordetzea, gero errezetaren amaieran erabiltzeko, behar izanez gero.

3. urratsa

Garbantzuak janariak birrintzeko robotean sartu, eta tipula egosia ere bai. Ondoren, gainontzeko osagaiak gehitu: baratxuri aleak zurituta, limoi-zuku tanta batzuk, kumino kafe-koilarakada bat eta piperrauts pixka bat. Guztia birrindu humus orea lortu arte. Garbantzuak egosteko erabilitako salda gorde, geroago erabiltzeko. Humusa lodiegi badago, salda pixka bat gehitu eta humusa findu.

4. urratsa

Sukaldeko robotaren ordez, turmisa ere erabil daiteke. Garbantzuak etxean egosteko denborarik ez baduzue, berriz, aurrez egositakoak erosi eta erabili. Ondoren, humusa hozkailuan gorde.

5. urratsa

Zainzuriak, bai zuriak eta baita garizainzuriak ere, ipurdi aldean zentimetro inguru moztu eta gero, goitik behera zuritu. Kontuan hartu puntako aldea ez dela behin ere zuritu behar. Lapiko handi bat urez bete, gatza bota, eta azukre pitin bat ere bai. Irakiten hasitakoan, zainzuriak bota, eta bost minutu irakin. Gero, sua itzali, eta zainzuriak berehala atera.

6. urratsa

Plantxa edo zartagin zabal bat hartu, eta ondo berotu. Zainzuriak plantxan jarri, 3-4 minutuz, oliba-olio txorrotada txiki batekin. Noizbehinka buelta eman, pixka bat gorritu daitezen. Pauso hori zainzuriak aurrez egosi gabe ere egin daiteke, baina askoz zailagoa denez puntu egokia hartzea, komeni da aurretik egostea.

7. urratsa

Zainzuriak atera, platerean jarri, eta aldamenean humusa gehitu. Gainetik oliba-olio txorrotada bat bota, nahi izanez gero, azken ukitua emateko. Oso konbinazio ona egiten dute bi osagai horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA