Anana tarta kremarekin

JON URBE / FOKU.
Iker Markinez.
2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
OSAGAIAK LAU LAGUNENTZAT

Anana oso bat
Esnea, litro erdi
Arrautzak, dozena erdi
Azukrea, 200 g
Irina, 40 g
Banilla makilatxoa
Pasta brise
Azukre pixka bat tartarako

1. Krema prestatzeko, lehenik, lapiko batean esnea berotzen jarri banilla makilatxoarekin batera, eta, bitartean, arrautzen gorringoak ontzi batean jarri.

2. Azukrea ontzira nahastu, eta bost minutuz etengabe irabiatu. Ondoren, irina gehitu eta kontu handiz nahastu.

3. Berotutako esnearen erdia ontzira bota, eta ondo nahastu.

4. Lapikoan gelditu den esnea irakin arte berotu, eta banilla makilatxoa kendu ondoren, ontzian duguna lapikora irauli. Bost minutuz irakiten eduki etengabe nahastuz. Garrantzitsua da tarta prestatzen hastean krema hotza egotea; beraz, denbora batez hozkailuan sartu, edo, bestela, hurrengo egunean hasi tarta prestatzen.

5. Anana zuritu, erditik moztu eta erdian duen zurtoina kendu. Gero, xafla finetan moztu.

6. Ondoren, etxean egindako edo eta dendan erositako brise pasta zabaldu, eta labeko molde batean jarri. Sardexka baten laguntzaz, hainbat lekutan zulotxoak egin, eta labeko paperarekin estali.

7. Ondoren, pisu moduan, garbantzuak edo antzeko zerbait paperaren gainean zabaldu. Labean 180 graduan 15 bat minutuz mantendu.

8. Labetik atera eta prestaturik dagoen krema brise pastaren gainean zabaldu. Geruzatxo bat. Ondoren, anana xaflaktxukun-txukun kremaren gainean jarri, eta azukre pixka bat gehitu. Azukrea batez ere anana xaflen gainean jarri.

9. Azkenik, berriro labe beroan sartu, eta 170 graduan beste 30 bat minutuz eduki. Tarta hau epel jan daiteke, eta, izozkiz lagunduz gero, oso kontraste goxoa lortzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.