«Ez zuten arreta nahikoa jaso»

Jonan Fernandezek aitortu du torturaren biktimek «arreta handiagoa merezi» izan dutela. Eusko Jaurlaritzak torturaz eginiko txostena txalotu dute PSE-EEk eta PPk, abenduko kritikak zuzenduta

Jonan Fernandez Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria, atzo, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon olano
2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Herrian azken bost hamarkadetan torturaren biktima izan direnei «aitortza» egiteko «urrats bat» izan zen Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua (1960-2014) izeneko txostena, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide eta Bizikidetza zuzendariaren hitzetan. Eusko Jaurlaritzak iazko abenduaren 18an aurkeztu zuen agiria, eta bertan jasotzen diren ondorio eta gomendioen inguruan hitz egiteko izan zen atzo Fernandez Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordean. Eukene Arana Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak eskatuta egin zuen Fernandezek agerraldia; Aranak Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearena ere eskatu zuen, baina Erkoreka ez zen batzordean agertu.

Ikerketaren azken helburua gogora ekarri zuen Fernandezek: «Justizia helduko ez den lekuetara iristea». Hain justu, epaitegietan biderik egiten ez duten indarkeria kasuen biktimei egia jasotzeko eskubidea bermatzea: «Biktima guztiek jakin behar dute gizarteak beren sufrimendua ezagutzen duela. Txosten hau pauso bat gehiago da horien aitortzan». Iraultza zergarekin alderatu zuen: «Milaka lagun izan dira biktima, justiziarako eskubiderik izan ez dutenak, ez delako auzia epaitegietara iritsi».

Jaurlaritzaren ikerketen rola defendatu zuen, argudiatuta «ezinbestekoak» direla biktimei erreparazioa emateko. Izan ere, uste du «ezinbestekoa» dela erakundeek «torturaren aurkako konpromiso soziopolitikoa» izatea, eta horregatik egin du Jaurlaritzak ikerketa osatzeko enkargua: «Munduko ia Polizia guztiekin lotzen da atxilotuei emandako tratu ankerra edo umiliagarria: gardentasun falta dagoenean, gizakia ez da erabat fidagarria».

4.113 tortura kasu bildu dituzte; horietatik 336, Ertzaintzak eginikoak. Haatik, Ertzaintzaren jokabidea goraipatu zuen Fernandezek; nabarmendu zuenez, «eredu prebentibo bat» garatu du Ertzaintzak, eta txostenean torturaren prebentziorako agertzen diren zenbait proposamen «desfasatuta» daude Ertzaintzaren kasuan, hartuak dituelako hura saihesteko neurriak. Erantsi zuen ez dagoela zigor epairik Ertzaintzaren aurka: «Horrek ez du esan nahi ez direnik egon, baina elementu bat da». Hala ere, Polizia erakunde hori «barne protokoloak hobetzeko prozesu etengabean» dagoenez, «aintzat» hartuko dute txostena, Fernandezen esanetan. Edozein moduz, agiriaren «zorrotasunarekiko» ez zuen inolako zalantzarik egin: «Jaurlaritzak bere egiten du».

Ikerketak aurrerantzean egingo duen bideaz ere mintzatu zen; alde batetik, «balantze bat» egin nahi dute txostenaren egileekin, aztertzeko egiteke dagoen lana eta sortutako kritikak. «Pausoz pauso» joan nahi du Jaurlaritzak, «pauso irmoak» emanaz, «hausnarketa lasaia eta adostasunen bilaketa» oinarri hartuta.

Lan «bikaina»

Txostena plazaratzean, PSEk eta PPk gogor kritikatu zuten ikerketa. Atzo, kritiken tenperatura erabat hoztu zuten, dokumentua goratzeraino. Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak azaldu zuen ikerketa «oso landua» dela: «Ez dugu txostena zalantzan jartzen, ezta bertan jasotako testigantzak ere». Aitzitik, ohartarazi zuen agiria ezin dela «erabilia» izan, «ez sistematikoa izan zela esateko, ezta gertatutakoa ukatzeko ere». Hortaz, esan zuen gaia Eusko Legebiltzarreko Memoria Lantaldean jorratu beharrekoa dela. Halaber, PSEren «konpromiso irmoa» azaldu zuen «giza eskubideen edozein urraketaren aurka».

PPko legebiltzarkide Juana Bengoetxeak esan zuen euskal gizartea «harro» dagoela Etxeberriaz eta haren ibilbide profesionalaz, eta txostena txalotu zuen, esanaz «bikaina» eta «zehatza» dela. Ikerketaz egin daitekeen «erabileraz» azaldu zuen kezka. Ordu batzuk geroago, Ser irrati kateak PPko iturriak aipatuz zabaldu zuen Bengoetxeak «iritzi pertsonala» eman zuela eta hori ez dela alderdiaren jarrera. Ez zen zuzenketa ofizialik egon, halere.

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidea ere gaia Memoria eta Bizikidetza Lantaldean lantzearen alde azaldu zen: «Gutxietsi egiten dugu txosten hori, bere betebeharra alboratzen». Eskerrak eman, eta egindako lanagatik zoriondu zituen dokumentuaren egileak: «Egia horrek lotsatu egin behar gaitu, baina agindu bat ematen digu erakundeei». Gaineratu zuen ikerketak ez duela zalantzan jartzen «Ertzaintzaren konpromisoa giza eskubideekiko, erakundeen engaiamendua handitzen baizik».

Egileen «ausardia» txalotu zuten Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak, txostenak «argitasuna» ematen duelakoan «memoria osoa» egin ahal izateko: «Lehen aldia da fenomeno hau horrelako sakontasunez landu dena». Haren iritziz, txostenak agerian uzten du «sistematikoa» izan dela tortura: «Sistema bat egon da erreproduzitzeko». «Inkomunikazioa eta zigorgabetasuna» jo zituen horren adibide.

Etxeberria: «Gehiago dira»

Fernandezen aurretik, txostenaren inguruko azalpenak eman zituzten batzordean Paco Etxeberria auzitegi medikuak eta Laura Pego Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaileak. Lanaren koordinatzaileak dira biak, Carlos Martin Beristainekin batera. Etxeberriak azaldu zuen aurrez egindako beste lan batzuk baliatu zituztela txostena egiteko, eta nabarmendu horietako askotan aitortzen zela tortura kasuak «noizbehinkakoak baino sarriago» izan direla. Ikerketaren eta bertan jasotako testigantzen egiazkotasuna nabarmendu zuen, adibide gordinekin: «Testigantza eman behar zigunetako batekin hitzordua jarri genuen, eta goiz horretan, bere buruaz beste egiten saiatu zen». Horrekin, ondorioztatu zuen txostenean jasotakoak baino gehiago direla gertatutako tortura kasuak, eta prest agertu zen lan horretan jarraitzeko, erakundeek babestuz gero.

Ondorioetan, salatu zuen torturei buruzko ikerketak «mugatuak» izan direla eta «zigorgabetasuna» egon dela. Gomendioen atalaz, Etxeberriak azpimarratu zuen aholkuak ez direla txostena ondu duen taldearenak, Arartekoak, Amnesty Internationalek, Kriminologiaren Euskal Institutuak eta beste hainbat erakundek zenbaitetan plazaratutakoak baizik. Talde politiko guztiak torturaren aurka agertu zirela eta, haiei eskatu zien «irmoago» aritzeko horren kontra: «Protokoloen gainetik, existitzen jarraitu dezake torturak; adi egon gaitezen. Honek ezin du gertatzen jarraitu».

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Pili Zabalak «autokritika» egiteko eskatu zien gainerako talde politikoei: «Kontakizuna edo kontakizunak gauza bat dira, eta egia objektiboa, beste bat». Salatu zuen epaile batzuek «beste alde batera begiratu» izan dutela, baina ohartarazi zuen justizia ez dagoela «soilik auzitegietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.