Bakailao kremaz beteriko krepeak

JUANAN RUIZ / FOKU.
Iker Markinez.
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
KREPEAK EGITEKO OSAGAIAK

6 arrautz.

200 g irin.

75 g gurin.

Litro erdi baserriko esne.

Gatza.

BAKAILAO KREMARENTZAT

200 g bakailao.

Tipula bat.

2 baratxuri ale.

Oliba olio birjina.

Gurina

4 koilarakada irin.

3/4 litro baserriko esne.

Etxeko tomate saltsa.

Gatza.

1





Errezeta hau bi egunetan egingo dugu, baina egun batean egin daiteke.

2





Lehenengo egunean: tipula zuritu, zati txikietan moztu, eta lapiko batean berotzen jarri, oliba olio zorrotada batekin eta gurin koilarakada batekin; erregosi, 20 bat minutuz. Lau koilarakada irin gehitu, nahastu, eta, pixka bat egosten eduki ondoren, esnea gehituz joan, poliki-poliki, guztia bukatu arte (esnea aurrez beroa badago, hobeto).

3





Ondo nahastu, eta bexamel krematsua lortuko dugu. Bakailaoa xehetu, eta zartagin batean oliba-olio zorrotada batekin, su oso motelean mantendu taparekin estalita, bost minutuz. Ondoren, bexamela dugun lapikora gehitu. Bexamela hurrengo egunera arte hozkailuan gorde.

4





Krepeak egiteko, ontzi batean ondorengo osagaiak nahastuko ditugu: arrautzak osorik eta 200 gramo irin. Dena ongi irabiatu, gatz pittin bat gehitu. Ondoren, esnea gehitu, eta nahastu. Tamaina ertaineko zartagin batera 75 gramo gurin bota, eta urtzean, aurreko ontzira nahastu.

5





Zartagina berotzen jarri, eta, beroa dagoenean, kazokada bat krep masa bota zartaginera. Zartagina alde batetik bestera suabe mugituz, masa zartagin guztira zabaldu. Segundo gutxiren ondoren, buelta eman, eta plater batera atera. Gainontzeko masarekin gauza bera egin.

6





Krepe guztiak beteko ditugu ondoren: aurrez prestaturik dugun bakailao bexamelaren koilarakada batez bete, eta tolestu. Labeko erretiluan jarri krepe guztiak, eta jan baino lehenago, labean bost bat minutuz berotu ondoren, mahaira zerbitzatu. Nahi baduzue, etxeko tomate saltsa edo piper gorri saltsa batez busti dezakezue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.